Poesia kaiera
Poesia kaiera
Chuya Nakahara
itzulpena: Hiromi Yoshida
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-03-7
Chuya Nakahara
1907-1937
 
 

 

Begi urdinak

 

 

              1. Udako goiza

 

Bihotz tristeari eguna argitu zaio,

    Bihotz pozkorrari eguna argitu zaio.

Ez!, ez!; zer da hau baina?

    Egunsenti triste hau, alajaina!

 

Begi urdinok ez ziren mugitzen,

    Mundua oro artean lo zegoen,

Hala “une hori” joan bazihoan,

    Ai, aspaldiko, hain aspaldiko zerak.

 

Begi urdinok ez ziren mugitzen,

    —Orain bai, baliteke zirkin bat egitea orain…—

Begi urdinok ez ziren mugitzen,

    Samin ziren eta eder!

 

Orain hemen nago argi horiaren itzalean.

    Orduz gero nola dauden ez dakit…

Ai, “une hura” joan bazihoan!

 

    Bortitz darion lurrun urdina bezala.

 

 

              2. Neguko goiza

 

Orduz gero nola zegoen...

Hori nik ez nekien.

Dena den, goizeko aireportutik lainopean

Hegazkina desagertua da betiko.

Atzean hondar pila ankerra, belar txarrak eta hotz mina utzi ditu.

Hain goiz krudel, hutsalean ere

Jendearekin beti abegiz agertu beharra

Deitoragarri zait,

Baina hala ere,

Jendea zenbat eta irriberago,

Sentitu ohi da orduan eta nagusiago.

Eguzki-printzak laino artean diz-diz, antzigarra hostoetan urtzen,

Urrutiko etxeetan kukurruku oilarrak,

Ez lainoa, ez argia, ez antzigarra, ez oilarrak,

Ez dira jendearen bihotzean sartu,

Aldiz jendea etxeko mahaian eserita.

          (Neu naiz aireportuan geratu den bakarra,

          ostikoz jotzen dut Bat zigarro pakete hutsa. )