Barne-paisaia
I
Haizea zebilen pinuen artean,
triste entzuten zen oinpean hartxintxar hotsa.
Haize epelak igurtzi zizkidan masailak,
eta herriminak jo ninduen lehengo egunak gogoan.
Eseri nintzen eta,
garbiago entzun zen olatu-hotsa.
Izarrik gabe,
kotoi iluna zen ortzia.
Nire aurretik igaro zen txalupan
zerbait esan zion emazteari ontzizainak,
baina ezin izan nituen bereizi haren hitzak.
Garbiago entzun zen olatu-hotsa.
II
Malkotan nago
iragan denbora hautsiagatik.
Gaztelu-hesi lehortuetan
haizea dabil.
Belarra dantzan.
Muinoan gora, zelaian zehar,
ez da ageri
atseden bako aingeru zuri.
Gizajoa ni, hiltzea desio dut.
Gizajoa ni, bizitzea desio dut.
Gizajoa ni, malkotan nago
iragan denbora hautsiagatik.
Ortziko sabai aldetik
haizea dator.