Poesia kaiera
Poesia kaiera
Chuya Nakahara
itzulpena: Hiromi Yoshida
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-03-7
Chuya Nakahara
1907-1937
 
 

 

Michiko

 

Itsasoaren antzo zure bularrak

naharo eta bare mugitzen dira.

Urrutiko ortziak, uhin urdinak,

pinudien gainetik joan-jinean.

Haize berdea ere ibili dabil,

hondartza margul-xuri, baina zein luze.

 

Eta begietan zuk islatzen duzu

zeru urrundu horren amai ezina,

uhinen lerrokada hondartzaraino

handik eta hemendik dabilelarik.

Itsaso zabalean oihal bat bistan

zauzka liluratuta belaontziak.

 

Eta zure kopeta zein den ederra,

zarata hots batekin ikaraturik

biaoko ametsa eten zaizula,

txekor bat bezain arrai, tolesgabea,

airos eta pinpirin, xalo haina apal,

gorantz jaso orduko makur burua.

 

Zure lepondo ostadarra adin xarmangarria,

zure beso haur jaio berriak bezain ilaunak,

soinu eta kanta bizkor airean, dantzari bazabiltza,

itsaso urre urtu kolorekoak besarkaturik sartaldean ekia,

itsas handitan urrun, uhagak aldiro urrunago, isil, oparo,

hondar arnasa eman duzula dakusat itun ortziari so.