Izenbururik gabe
I
Maitea, samur eta ezti izan zara nirekin beti,
baina setatsua naiz. Bart arratsean, zu agurtu ostean,
zurrut baldarrean, bortitz erasiatu nuen
neu baino ahulago zen bat.
Gaur goizean, esnatu eta, zure samurtasuna gomutan,
neure zakarkeriaz nauzu lotsa-damutan, eta
noraezean burua, ari natzaizu aitortzen, ahalkerik gabe,
duintasun izpirik ez, urri zintzotik,
neure baitako lilura eroen mende galdu gordean nabil hara eta hona.
Inoiz ez dut besteen sentipenez oldoztu aski.
Maitea, samur eta ezti izan zara nirekin beti,
baina setatsua naiz, eta berekoi ume bat bezain!
Ernaturik, bestondo makurraz burua nahas,
goiz giro hotza nabari dudala ateaz bestalde,
zure samurtasuna gomutan, nire hitz gordinek erasandakoez oroitzen naiz.
Orain, goibel, dagoeneko ez naiz ezertaz jabetzeko gai,
eta goiz honetan nago sinetsita naizela hutsaren hurren!
II
Zein den zuzena neska horren arima!
Bizitza beti izan da gogorra beretzat,
eta inoren laguntasunik ez,
inor agertu gabe ulerbera haren sentimenduetara,
baldar bizi izan da, baina haren arima
hagitzez da nirea baino zuzenagoa, eta beti irmo.
Ederra da. Mundu honetako zurrunbilo kaotikoen artean,
zuhur eta apal bizi da.
Mundu-zurrunbilo kaotikoetan,
inoizka ahuldu egiten da haren arima, dar-dar batean,
ez da baina gabetzen duintasunaz.
Ederra da eta zuhurra!
Nola egiten duen borroka lehen-samurtasunaren bila haren arimak!
Orain, ordea, etsian dago,
ez baitu idoro piztia berekoi apetatsua besterik, eta haurrak baino ez nonahi.
Eta ohartu ez denez jendea zitala delako ustea du.
Behea jota, erorian dago. Dohakabea da zeharo!
III
Hain triste bizi garen mundu honetan, ez zaitez
tematu grinan.
Nik zure ondoan nahi dut izan,
eta ez zaitez tematu grinan.
Grinan tematsu badihardugu, itsu izango ditugu bihotz-begiak,
eta gure hitzik ez iristen arimak.
Lasai eta guri bagara, sortzetik dakargun
amets eztia eta arrazoia elkarrekin ditzakegu bana.
Bihotz-arimak atzendu eta ohilduz,
arrail horditurik, ederraren xerka gabiltza ero gisan.
Bai tristea dena gure mundua.
Bihotzari berez darion sentimenduaz peitu,
beti beste inori gaina hartu nahiak akuilatzen gaitu,
sukarrak jotako aurkintzak besterik ez duen mundu hau, bai tristea dena.
IV
Nik zu beti zaitut gogoan.
Maitasunez mukuru, gogo lasai gardenean
murgilduta, gau eta egun,
ia sentitzeraino hobendun.
Maite zaitut hainbeste, ezin gehiagoan.
Gogoetatsu nabilen arren nago
alfer lana ez ote den ahalegin hori,
eta pentsatu dut nire burua osorik eskaintzea zuri.
Hala, ez dut hori baino xede goragorik,
ez itxaropen, ez jomugarik,
eta zoriontsu naiz horrela biziz.
Zoriontsu naiz munduko nekeak ahazturik,
beste ezertaz arduratu gabe,
zoriontsua naiz zure begira bizi naizelarik!
V. Zoriontasuna
Zoriona zalditegian dago,
lasto gainean.
Bihotz bareak laster ulertzen du
zer den zoriona.
Bihotz tematsua, beti suminez, dohakabea da,
eta ziztuan joan badoazen gai galkorrekin,
eta beste hainbat ekai iragankorrez laketzen da,
eta ondorioz, gero eta dohakabeagoa da.
Zoriontasuna atsedenean zer suma dago,
egitekoak hutsik gabe erreskadan
noiz etorriko,
gogo adikorra zorionak du.
Bihotz tematsua ez da ulerbera,
ez da adikor, beti etekinen baten lehian,
lur jota, suminez,
eta maitasunik erdietsi ezinda, tristeziaz gainezka dago.
Beste ezer baino lehen aintzat har ditzagun besteren esanak.
Horren ordain, baina, inork gu onestea galdatu gabe.
Ikas dezagun besteri entzuten,
duintasuna gailen dakigun prestu, eta aberats gaitzan.