Akidura
Pour tout homme, il vient une èpoque où l'homme languit.
Proverbe
Il faut d'abord avoir soif…
Catherine de Medicis
I
Ez naiz aldarte onean iratzarri,
esnatu orduko betiko gogoeta malenkoniatsuak,
gogo nahasiz egin dut amets…
(ez nenbilen ederki, baina
ezin nuen atera handik).
Eta gaua iristen zenean pentsatzen nuen
mundu hau itsasoa bezalakoa dela.
Arratseko itsas kirrua ekarri nuen gogora.
Han txaluparia, neke aurpegiz, ezbaiko arraunketan,
harraparirik den edo ez zer suman,
uraren azalari zorrotz begira doa.
II
Lehen pentsatzen nuen
amodiozko poema bat zaborraren parekoa zela.
Orain ordea amodiozko poemak idatziz,
nago horiek egitea merezi duela.
Hala ere, oraindik tarteka desira izaten dut
amodiozko poemak baino idazteko zerbait hobea.
Ez dakit zuzena den ala ez nire grina hori, baina
hori pentsatzea beste biderik ez daukat azken finean.
Batzuetan horrek amorrua ematen dit,
eta uste gabean itxaropena sortu ere bai.
Lehen pentsatzen nuen
amodiozko poema bat zaborraren parekoa zela.
Orain, ordea, ez naiz gai
amodioarekin amets egiteko baino.
III
Hori neu ustela naizelako den edo ez
nola jakingo dut.
Beso zuztarrak hartuak dizkit nagiak.
Gaur ere eguzkia diz-diz, ortzia urdin.
Beharbada, aspalditik neure kabuz
maneiatzeko gauza naizen bakarra alferkeria hauxe izango zen.
Neurekin nituen igurikapen baikorrak ere,
nagikeria horren baitan neuk gizendutakoak izan litezke.
Ai, hau da hau, ez nuen egundo pentsatuko
ametsetan bizitzeko baino gai ez den gizona bihurtu behar nuenik!
IV
Baina, mundu honetan gizakiok
ona zer den eta zer txarra ezin erraz bereizi.
Batzuk eta besteak gizakiok igarri
ezin dugun arrazoi ugariren mende baitaude.
Mendiko ur gardena legez, eroapen handiz,
isil-isilean, ederki bizi daiteke.
Trenetik ikusten diren mendiak, belarra,
ortzia, ibaiak… den-dena,
erabateko harmonian urtu eta
ortzira igo eta ostadar bihurtuko direla uste dut...
V
Beraz, zer egin behar dut onura lortzeko,
zer egin behar dut jendeak gure kontura barre ez egiteko?
Nola liteke munduan gau eta egun
besteen begiradaz baino arduratzen ez den jendea egotea!
Zuzen zabiltzatelakoan,
ni ere zuek bezala jokatzen saiatu naiz, baina
gaur, berriz ere neu naizenera etorri naiz,
tinkatua egon den gomazko soka askatu berriaren antzo.
Eta, nagikeriaren leiho honetatik,
hatzak haizagailuaren eran zabal,
ortzi urdinaz gozatuz, xurgatzen dut denbora,
igela banintz bezala ur azalean.
Gauean, berriz, ortziko izarrei begira nago…
Ai, gero eta haratago! Ortzian gero eta haratago!
VI
Neure bostean jarraitzen dut hala ere:
batetik, besteek egiten dutena egin beharko nukeela etsita,
nire existentzia gogaikarria delako aieruz, bestetik.
Batzuetan saltoki handietako langileak
bezeroek erositakoa etxera eramaten ikustean harritu egiten naiz.
Eta gauzak ezin argiago egon arren,
zalantza txiki ugarik hartzen didate bihotzeko zola.
Bi kontu ergel horiek beti gogoan,
ez didate bakerik ematen. Hori hala da.
Belarriraino heltzen zaidan musikak baina, limurtu eta
piztu egiten nau pixka bat,
betiko bi kontu horiek orduan hil egiten dira nire baitan.
Ai, zeruaren kanta!, itsasoaren kanta!,
ederraren muina iritsi dudalakoan naiz,
baina, hala ere, bai latza nagikeria nola saihestu erarik ez aurkitzea!