Gerraren Kaleko erosta-kanta
Takakatsu Sekiguchi-ri
I. Atariko kanta
Oroitzapen beltzok,
utikan! Eta lehengo
errukia eta
sentipen oparoak,
itzul daitezela hona!
Gaur igandea,
ataurreko oholtzan eguzkiak jotzen du,
berriro ere amarekin atera eta,
jaietan puxika eros diezadan nahi nuke:
ortzia urdin min, dena distira, liluragarri…
Oroitzapen beltzok,
Utikan!
Ospa! Utikan!
II. Hordi bizi
Gazte sasoia joan zait,
—Goizalde hotz honetan, zelako kukurrukua oilarrak!—
Gazte sasoia joan zait.
Ez atzera, ez aurrera begiratu gabe bizi izan naiz zinez…
Arinegia izan ote naiz?
—Gerlari tolesgabea nire bihotza!—
Hegigoa diet baina
soilik ingurukoei begira bizi direnei.
—Bizitzaren paradoxak!—
Eta hemen nago orain goitik beheraino zauriz betea.
—Goizalde hotz honetan, zelako kukurrukua oilarrak!—
Ai, antzigarrak hormatu kukurrukua…
III. Bakarrizketa
Palankana urik isuri gabe eramatea
oso da garrantzitsu.
Hori hala izaki,
hainbat hobe zenbat eta gehiago higitu.
Baina, nolanahi ere alfer lana da
mugimendu hori lortzearren beste modu batez saiatzea bera...
Bihotza,
izan apal, eta itxaron jainkoaren mesedea.
IV
Oso lurruntsua da
gaurko eguna
Euria geldi ari
isil-isila
Uraren inguruko
aire finean
Oihaneko usaina
dabil hor zehar.
Udazken-udazkenez
egun bete hau
Harrien hotsa nola
hura halaxe
Nik, oroitzapenik ez
daukadan honek,
Ametserako ere
gaitasunik ez.
Ni, benetan harria
bezalakoa
Itzal baten antzera
naiz bizi izan
Hots egin nahi bai baina
eskas hitz doia
Eta ortzia legez
muga gabea.
Bihotz puska nirea
hain da tristea
Ukabil dut eskua,
ziorik gabe
Inor egin nezake
horren hobendun?
Oinaze eta penak,
azkenik ez du.