Poesia kaiera
Poesia kaiera
Chuya Nakahara
itzulpena: Hiromi Yoshida
2017, poesia
64 orrialde
978-84-17051-03-7
Chuya Nakahara
1907-1937
 
 

 

Ardiaren kanta

 

Yoshihiro Yasuhara-ri

 

 

                           I. Otoitza

 

Heriotzako orduan, buruz gora gerta nadila!

Nire kokots txiki hau, are txikiago bihur bedi!

Sentitu beharrekoak sentitzeko gai izan ez naizenez,

heriotza helduko zaidalakoan nago, horren ordain.

 

Ai, une horretan buruz gora etzanda gerta nadila!

Izan nadila dena sentitzeko gai, kinka horretan gutxienez!

 

 

                           II

 

Nire gogo hori! Hi, aire zahar eta ilun hori,

alde egik nire baitatik!

Nik jada soiltasun eta xuxurla isila…

garbitasun xaloa baino ez diat nahi.

 

Nire jendekoitasun hori! Hi, ilunpe lohien oneste haizen hori,

ez nazak berriro iratzarri!

Bakardadea pairatzen ari nauk,

nire besoek ziruditek gauza ezdeus bi.

 

Aizue begiok, goganbeharrez irekitzen zaretenok,

zabalik, zirkinik ez dagizuen begiok,

eta, ai ene!, nirekin ez beste guztiekin fidakorregi den nire bihotz hori ere!

 

Nire gogo hori, hi aire zahar eta ilun,

alde egik nire baitatik, joan hadi!

Jada ez nauk gozatzen neure amets txiroekin baizik.

 

 

                           III

 

 

                                          Ekaitz ilunpetsu besterik ez zen nire gaztaroa,

                                          han-hemen eguzki distiratsuz zeharkatua.

                                                                                Charles Baudelaire

 

 

Bederatzi urteko haur bat zegoen,

neskatoa,

munduko aire guztia berea balu bezala,

eta hari eustea posible balitz bezala,

burua okertzen zuen,

nirekin hizketan ari zela.

 

Kotatsu barruan eserita nengoen ni,

tatami gainean hura.

Neguko goiz oskarbi bakan horietakoa zen,

eguzkiak betetzen zuen nire gela,

burua okertzen zuenean

belarri-gingilean iragazten zitzaion argia.

 

Nitaz fidaturik, kezkarik gabe,

ez haren bihotzak, ez haren samurtasun

laranja koloreak, ez zuen egiten gainezka,

eta ez zen uzkurtzen oreinaren gisa.

Nik, bien bitartean, beste ardurarik gabe,

denbora irakurri nuen zehazki patxadaz.

 

 

                           IV

 

Hala ere, hain da bakarti nire bihotza.

Gauero, inor gabe bizi naizen gela honetan,

gogoetarik gabe, gogoeta gogoan,

monotoniaz nire bihotzean lau eskutara ari dira jotzen pianoa…

 

Urruti trenaren txistua entzuten denean

bidaiak, umetako egunak datozkit gogora;

baina ez, ez dira ez bidaia eta ez umetako egunak,

bidaia eta egun haien irudipenak baizik…

 

Gogoetarik gabe, gogoetak gogoan, nire bihotza

kutxa txiki hertsi, lizundu baten antzekoa da.

Ezpainak zurbil, masailak lehor,

isiltasun anker honetan murgildu dira...

 

Hala ere, ohituta egonagatik,

negargarria da pairatzen ari naizen bakardadea,

eta nahi gabe, aldika, isurtzen ditudan malkoak jada,

ez dira maitasun bila dabilen batenak...