Poesia kaiera
Poesia kaiera
Angel Gonzalez
itzulpena: Gerardo Markuleta
2016, poesia
64 orrialde
978-84-92468-83-6
Angel Gonzalez
1925-2008
 
Poesia kaiera
Angel Gonzalez
itzulpena: Gerardo Markuleta
2016, poesia
64 orrialde
978-84-92468-83-6
aurkibidea
 

 

Isilune baterako atarikoa

 

Horrenbeste gauza ezertarako ez dela jakitun,

batzuetan —udan— norbera zuhaitz baten gerizpean lasai eseri,

eta isildu egiten da.

 

(Lasai esan al dut?: gezurra, gezurra:

norbera urduri esertzen da, imintzio bitxiak eginez,

udazken goibel baten amorruak

lurrera botatako hostoak zapalduz,

pospolo-kaxa bateko kartoi errugabea hatzez txikituz,

hatz horien azazkalak bidegabeki hozkatuz,

neguko putzuetan tu eginez,

udaberriaren joanaz axolagabe dirauten etxeetako azal izurtsua

[ukabilez joaz,

han goian, teilatu-hodien zink ilunaren atzetik, ile berdeak ageri dituen

[hiriko udaberria,

hauts bihurtzeko zorian dauden teilen materia suntsikorrean arinki

[sustraitua.)

 

Hori egia da, hain egia

nola baita nire izenak hego zerutiarrak dituela,

ezeri ez dagokion nire izen goiaingeruzkoak:

Angel,

esaten didate,

eta ni jaiki egiten naiz

diziplinatu eta zuzen

hegoak hozkaturik

—esan nahi dut: azazkalak—

eta irribarre egin, eta isildu egiten naiz, zeren, azken batean,

norbera jakitun baita

diren hitz guztiak alferrikakoak direla.