Poesia kaiera
Poesia kaiera
Angel Gonzalez
itzulpena: Gerardo Markuleta
2016, poesia
64 orrialde
978-84-92468-83-6
Angel Gonzalez
1925-2008
 
Poesia kaiera
Angel Gonzalez
itzulpena: Gerardo Markuleta
2016, poesia
64 orrialde
978-84-92468-83-6
aurkibidea
 

 

Gazteentzako mintzaldia

 

Zuongandik,

gazteok,

ez dut zuen arbasoek egin

baino balentria gutxiagorik espero.

Herentzia izugarria

uzten dizuet:

eutsiozue.

Babestu odol

ibai hori,

esku ziurrez

heldu

joandako

mendeen zama

herrestan kementsu daramaten

zaldi zahar-zahar baina

oraindik ahaltsuen taldeari.

 

Gu, hemen bilduta

gaudenok gara,

eta bost axola gainerakoak.

 

Zu, Harri,

Pedroren seme, Harriren

biloba

eta Pedroren birbiloba,

ahalegindu zaitez, bizi zaren artean, harri izaten,

Pedro Petrifikatu Harri Zuria izaten,

mugimendurik ez onartzen,

arnasa hartzen edo taupada egiten duen guztia

molde hertsietan itotzen.

 

Zuri,

adiskide fidel,

arma lagun,

ezkutari,

gure loriaren sostengu,

oliba kolorez jantzitako goiaingeru

eskuadroietako alfereza,

badakit ez dela beharrezko ohartaraztea:

su eta burdina izaten jarraitzearekin,

nahikoa.

Sua, loratzen dena erretzeko.

Burdina, altxatzen dena zapaltzeko.

 

Eta, azkenik,

zu, urrearen

eta lurraren jabea,

gure bizitzaren bultzatzaile boteretsua,

ez iezaguzu sekula huts egin.

Eskuzabal izan zaitez

behar dituzunekin,

baina bereizi,

bota itzazu zure erresumatik,

zure mugetatik harago atxiki,

beharrezkoa bada

utz itzazu hiltzen,

ameslariak,

argia eta egia besterik

bilatzen ez dutenak,

umil izan beharko liratekeen baina

batzuetan izaten ez direnak, halaxe kontuak.

 

Zuetako norbaitek

pentsatuko balu,

esango nioke: ez pentsatu.

 

Baina ez da beharrezkoa.

 

Segi horrela,

ene haurrok,

eta bakea eta aberri zoriontsua

agintzen dizkizuet,

ordena,

isiltasuna.