Poesia kaiera
Poesia kaiera
Angel Gonzalez
itzulpena: Gerardo Markuleta
2016, poesia
64 orrialde
978-84-92468-83-6
Angel Gonzalez
1925-2008
 
Poesia kaiera
Angel Gonzalez
itzulpena: Gerardo Markuleta
2016, poesia
64 orrialde
978-84-92468-83-6
aurkibidea
 

 

Amodio-leku aproposen inbentarioa

 

Gutxi dira.

Udaberriak ospe handia dauka, baina

uda hobea da.

Bai eta udazkenak, igandeekin

gurutzatzean, sortzen dituen arrakala horiek ere,

berez platanoak

bezain horiak diren hirietan.

Neguak leku asko baliogabetzen du:

ipar aldera ematen duten ate-erroak,

ibai bazterrak,

jarleku publikoak.

Eliza zaharretako

kanpoko horma-bularrek

hutsarteak uzten dituzte batzuetan,

elurra ari badu ere erabilgarriak.

Baina desengaina gaitezen: tenperatura

hotzek eta haize umelek

dena nekezago bihurtzen dute.

Ordenantzek, gainera, debekatua dute

laztana (salbu eta

atal epidermiko jakin batzuetan

—inolako interesik gabeak—,

haur, txakur eta bestelako animalietan)

eta hamaika begiradatan irakur daiteke

“ez ukitu, ohorea galtzeko arriskua”.

Nora ihes egin, orduan?

Nonahi begi ezkelak,

kornea torturatuak,

begi-nini errukigabeak,

begi-sare uzkurrak,

zelatan, mesfidantzan, mehatxuka.

Bakarrik ibiltzea geratzen zaigu beharbada,

arima samurtasunez hustu,

eta asperduraz eta ezaxolaz betetzea,

garai etsai, gorrotorako apropos honetan.