Aurkibidea
Aurkibidea
Morgana
Ez zait buruan sartzen zure gaztetasuna
hainbeste denbora (eta a ze denbora!)
luzatu izana.
Artaldea abandonatzeaz
salatu ninduten
ia sentitu izan banintz bezala
ospetsua, ex gregis, edo auskalo zer beste txerren.
Aldiz esan nuena da revenons
à nos moutons (baina ez artaldera)
eta jendailak pentsatu zuen
multiplo baten parte izatearen zoritxar huraxe
arima okertu baten zantzua izan zitekeela
eta bihotz gupidagabe batena.
Ai ene alaba gurtua, nire benetako
Gaueko Erregina, nire Kordelia,
nire Brunilda, nire enara egunsentian,
nire baby-sitterra burua alderrai darabildanean,
nire ezpata eta ezkutua,
ai ene nola galtzen diren aztarnak
gure mundualdian zaindu gintuzten Maneenak,
bi gizakiren guardan
egon direnen artean ankerrenenak.
Esan dute idatzi dute fedea faltatu zitzaigula.
Beharbada suzedaneo bat eduki genuen.
Fedea beste kontu bat da. Hala esana dago
baina ez dago esana segurua denik esandakoa.
Akaso aski izango zen Hondamendiko fede hura,
baina ez zuretzat Jainkoengandik irten zinena
haien altzora itzultzeko.