Poesia kaiera
Poesia kaiera
Eugenio Montale
itzulpena: Anjel Lertxundi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-76-8
Eugenio Montale
1896-1981
 
 

 

Gatibuaren ametsa

 

Albak eta gauak zeinu apurretan aldatzen dira hemen.

 

Artxorien sigi-sagak dorretzarren jiran

gudu egunetan, nire hego bakarrak,

aire polarraren bafada,

zaintzailearen begirada behatxulotik,

intxaur  kraskatuen karraska, zirtaka

oliotsua sotoetatik, burruntzi

benetakoak edo ustezkoak —baina lastoa urre da

eta argiontzi ardokara sutondo da

zure oinetan nagoen ustean egiten badut lo.

 

Purgak betidanik dirau, zergatirik gabe.

Diote arnegatzen duena eta sinatu

salba daitekeela antzaren sarraski honetatik;

bere barruari uko egiten dionak, nahiz besteen haragia

traizionatu eta saldu,

burruntzaliari eusten diola, bukatu ordez

Jainko kirastsuen pâté bihurturik.

 

Burua makal eta ohatze zaztatzaileak

zauriz zulatua, bat egin dut

nire oinpeak zapaltzen duen

sitsaren hegaldiarekin,

goizalbak dorretzarretatik barreiatzen dituen

argien kimono aldakorrekin,

labeetako erroskilen

erre-sunda usaindu dut,

eta nire burua begiratu dut inguruan,

distirak eragin ditut amaraunen ortzemugan

eta petaloak burdin hesietako arrakaletan,

zutitu naiz,  erori naiz berriro

mendea minutu den hondoan—

 

eta kolpeak berritzen dira eta pausoak,

eta oraindik ez dakit oturuntzako hestebete

izango naizen edo hestebetetzaile. Itxaroa luze da,

ez da amaitu zuganako nire ametsa.