Poesia kaiera
Poesia kaiera
Eugenio Montale
itzulpena: Anjel Lertxundi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-76-8
Eugenio Montale
1896-1981
 
 

 

In limine

 

Goza ezazu baldin sagastian dabilen haizeak

ostera badakar biziaren olatualdia:

memorien mataza mortua

hondoratzen den leku honetan

ez zen orturik, bai erlikia-ontzia.

 

Sentitzen duzun hego-hotsa ez da hegaldia,

baizik altzo eternoaren zirrara;

ikus lur bakarti honen bazter-adarra

nola  den bihurtzen arragoa.

 

Herra dabil murru jasoaren honanzko zokoan.

Aurrera egiten baduzu, suertatuko zaizu

apika salbatuko zaituen mamua:

hemen bilbatzen dira  istorioak, egintza

ezabatuak etorkizunaren jokoan.

 

Aurki iezaiozu sareari begi eten-sarria

estutzen gaituena, irten zaitez bertatik, egizu ihes!

Zoaz, zugatik erregutu dut —orain egarria

arinagoa egingo zait, ez hain garratza herdoila…