Poesia kaiera
Poesia kaiera
Eugenio Montale
itzulpena: Anjel Lertxundi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-76-8
Eugenio Montale
1896-1981
 
 

 

Etxea itsas gainean

 

Bidaia hemen amaitzen da:

oihu egiteko gauza ez den arima

zatitzen duten ahalegin zekenetan.

Orain minutuak berdinak dira eta finkoak

ur-ponparen gurpil-jirak bezala.

Jira bat: burrunba egiten duen ur-goratzea.

Beste bat, ur gehiago, kirrinka bat aldian behin.

 

Mareak etengabe eta astiro neurtzen duen

hondartza honetan amaitzen da bidaia.

Ke nagiek salbu,

deusek ez du salatzen

haizekirri arinek maskorrekin

osatutako itsas-bisaia:

eta harrigarria da barealdi mutuan agertzea,

airearen irla alderraien artean,

Kortsika konkorduna edo Capraia.

 

Zuk galdetzen didazu dena desagertzen ote den

oroitzapenen laino apur honetan,

patu oro konplitzen ote den durduzaren orenean

edo olatualdiaren hasperenean.

Ezetz esan nahi nizuke, iristear duzula

denbora baino harago igarotzeko tenorea;

agian ez da betikotzen gogoa duena baizik

eta, onenean, zuk lor zenezake hori, ez nik.

Pentsatzen dut gainerakook ez dugula salbamenik,

eta zoria ez du bateon batek baino gainditzen,

ibia pasatzen, bere burua nahi duen gisa aurkitzen.

Etsi baino lehenago nahi nizuke erakutsi

ihesaren bide hezigaitza,

itsasoko landa asaldatuetako aparra edo zimurra

bezain egongaitza.

Oparitzen dizut halaber nire esperantza zekena.

Azken aldiotan, akituta, ez dakit zaintzen:

zure patuaren aintzarako eskaintzen dut, anpara zaitzala.

 

Mareak higidura aldizkakoan itxuraldatzen dituen

itsasertz hauetan amaitzen da bidaia.

Entzuten ez nauen zure bihotz hurbila

itsasoratu da agian eternitaterantz.