Aurkibidea
Aurkibidea
Limoiak
Entzuidazu, poeta ereinoztuak dira
Mugitzen diren bakarrak gutxi erabilitako
landare-izenen artean: ezpelak zuhandorrak edo akantoak.
Nik, nire baitan, maite ditut kaleak eramaten dutenak
zanga belartsuetara non putzu erdi lehortuetan
mutikoek zelatatzen baitute
aingira mirrinen bat:
sakonguneen bazterretik doazen bidezidorrak
kanabera-bedatzeetan zehar jaisten dira
ortuetaraino, limoiondoen artean.
Hobe hegaztien zalapartak
zeruak irentsita itzaltzen badira:
ozenago entzuten da adar lagunen
zurrumurrua ia higatzen ez den airean,
eta lurretik guztiz askatzen ez dakien
usain honen jarioa sentitzen da
eta gozotasun urduri batek euria dagi bularrean.
Hemen pasio desbideratuetatik
txiripaz isiltzen da gerra,
hemen pobreoi ere badagokigu gure aberastasun-partea
eta da limoien usaina.
Begira, gauzek beren buruak abandonatzen dituzten
isiltasun hauetan zeinak diruditen
traizionatzeko zorian daudela beren azken sekretua,
inoiz espero izaten dugu
Naturaren hutsegiteren bat aurkitzea,
munduaren puntu hila, falta zaion katebegia,
behingoz egiaren baten erdian
jarriko gaituen hari askatu berria.
Begiradak arakatzen du ingurua,
adimenak ikertzen du elkartzen du banatzen du
lurrin-uholdea aitzina doana
eguna gehien ahitzen ari denean.
Isiltasunak dira zeinetan ikusten baita
giza itzal orotan urruntzen ari den
Jainko ahalketuren bat.
Baina ilusioa falta da eta denborak itzultzen gaitu
hiri zalapartarira non urdina ageri baita
puskaka soilik, goian, etxe-erlaitzen artean.
Gero, euriak lurra nekatzen du; neguko gogaita
pilatzen da etxeen gainean,
argia da bihurtzen zikoitza —mingoitza arima.
Harik eta egun batez, gaizki itxitako atetzar batetik,
patio bateko arbola artetik
agertzen den arte limoien horia:
eta bihotzeko jela urtzen da
eta bularrean jausika hasten zaizkigu
haien kantuak,
argitasunaren urrezko erauntsiak.