Poesia kaiera
Poesia kaiera
Eugenio Montale
itzulpena: Anjel Lertxundi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-76-8
Eugenio Montale
1896-1981
 
 

 

Aingira

 

Aingira, Baltikoa abandonatzen duen

itsas hotzetako sirena

gure itsasoetara iristeko,

gure estuarioetara, hondotik gora

igotzen dituen ibaietara, ur-lasterren kontra,

adarretik adarrera eta ondoren

haritik harira, gero eta sotilago,

gero eta barrurago, gero eta baitarago

harkaitzaren arimara, erreka lohituen hondotik

lerratuz harik eta egun batez

gaztainondoek barreiatzen duten argi batek

distira pizten duen arte ur-hilen putzuetan,

aldapa apeninotarretatik Romagnaraino

jaisten diren zangetan;

aingira, zuzi, zigor,

lurrean Maitasunezko gezi,

zeina soilik gure uberkek edo

erreka piriniotarrek bideratzen baitute

ernalketaren paradisuetara;

bizitza bilatzen duen arima berdea

lehortea eta hondamendia

baino ez dagoen lekuan,

txinparta esaten duena

oro hasten da orok dirudienean

ikatza, adar lurperatua;

iris laburra, zure betazalek

harilkatzen dutenaren bikia

eta guztiz distirarazten duzuna gizakiaren

seme-alaben artean, zure lohian hondoratuak,

posible duzu zuk ez hartzea arrebatzat?