Poesia kaiera
Poesia kaiera
Eugenio Montale
itzulpena: Anjel Lertxundi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-76-8
Eugenio Montale
1896-1981
 
 

 

 

Babes nazazue

ene zaintzaile isilok

eguzkia hozten ari baita

eta ereinotzaren azken hostoa

haustua baitzegoen

eta ez baitzuen balio ezta

gisatuaren kazolarako ere —

babes nazazue bi sosetako

pelikula honetatik

zeinak pasatzen segitzen baitu

nire aurrean

eta ni bertako partaide izatea nahi baitu

aktore edo estra gisa,

gidoian aurreikusten ez zena bestalde —

babes nazazue halaber

zuen presentziatik

ia gehienetan alferrikakoa

eta garaiz kanpokoa

babes nazazue

zuen ausentzia izugarritik —

nire inguruan sortzen duzuen

hutsunetik

babes nazazue Musengandik

zeinak ikusi baititut goratuak

eta baita busto erditik moztuak ere

hobeto ezkutatzeko

nire mamu-ibileretatik —

babes nazazue edo are egokiagoa dena

egidazue ezikusiarena

bildu nadinean urtetan

ordaindu dudan horma-hilobian —

babes nazazue Larousse ilustratuan

sartu ninduen fama/fartsatik

gero nire presentzia ezabatzeko

azken edizioan —

babes nazazue

eskatzen dizuenarengandik

egoteko nire katafalkoaren inguruan —

babes nazazue  zuen ahanzturarekin

horrek balioko balizue niri irmo eusteko

etxe-jainko gaxoak beti gordeta

zuen duda-mudako identitatean —

babes nazazue inori

ezer jakinarazi gabe

zeren eguzkia hozten hasi baita

eta gaiztoki gozatzen baitu

horren jakitun denak

o eter handitik iraitziak

izan zineten nire numen ttipiak

hirugarren mailako jainkoak.