Aurkibidea
Aurkibidea
Dora Markus
I
Gertatu zen egurrezko zubiak itsas barrura
Porto Corsinira eramaten duen puntuan,
gizon bakanek, ia geldirik, sareak hondoratzen
edo jasotzen dituzten hartan. Esku-keinu batez
zure benetako aberria seinalatu zenuen
aurrez aurreko itsas bazterrean.
Gero ubidea segitu genuen hiriko
nasaraino, kedarretan distiratsu,
hondarbaltsetan barrena non urmaeldua baitzen
udaberri inerte bat, memoriarik gabea.
Eta hemen, bizitza antzinako bat
Ekialdeko kabituezin eztian
orbantzen den honetan,
zure hitzak irisatzen ziren
perloi hil-hurrenaren ezkatak bezala.
Arrats ekaiztsuetan faroen kontra lehertzen diren
paseko hegaztiak gogorarazten dizkit
zure ezinegonak:
ekaitz bat da halaber zure gozotasuna,
lehertzen da eta ez da ageri
eta are arraroagoak dira haren soseguak.
Ez dakit nola irauten duzun akituta
zure bihotza den indiferentziazko
laku honetan;
agian ezpainetako lapitz, hautsontzi
eta limaren ondoan gordetzen duzun
kuttun batek salbatzen zaitu: sagu zuri
marfilezko batek; eta horrela eusten diozu!
II
Orain urmaelen eta mirto
loratu berrien zure Karintian,
urertzean makurtuta zelatatzen duzu
amuari herabe heldu dion karpa
edo arratsalde gailurretan gora hasia
begiratzen duzu ezki artean
eta toldoen moilen eta ostatuen
garraldia uretan.
Arro hezean zabaltzen hasitako
arratsak ez dakartza
ahateen intziriak baino
motorren taupadekin
eta maiolika zuri-zuri baten barruak
errore izukaitzen historia bat azaltzen dio
desberdina ikusi zintuen
ispilu belztuari eta grabatu egiten ditu
esponjarik iristen ez den lekuan.
Zure legenda, Dora!
Idatzita dago jada
urrezko erretratu handietan
patilla noble eta ahulak
luzitzen dituzten gizonen begiradetan
eta harmonika matxuratuaren
akorde bakoitzarekin itzultzen da
arrats beherako orduan, gero eta beranduago beti.
Han dago idatzita. Sukalderako ereinotz
betiberdeak eutsi egiten dio,
ahotsa ez da aldatzen,
Ravena urruti dago, fede anker batek
pozoia destilatzen du.
Zer nahi du zugandik? Ez dira errenditzen
ahotsa, legenda edo patua…
Baina berandu da, gero eta beranduago beti.