Aurkibidea
Aurkibidea
Xenia I
1
Intsektu txiki maitea
euli deitzen zutena ez dakit zergatik,
gaur arratsaldean ia ilunpetan
irakurtzen nengoela Deuteroisaia
nire aurrean agertu zinen ostera,
baina ez zeneraman betaurrekorik,
ezin ninduzun ikusi
nik ere ez distira hura gabe
zu lanbrotan ezagutu.
2
Betaurrekorik eta antenarik gabea,
intsektu gaixo bat hegoak zenituena
zure irudimenean baino ez,
biblia orrimaiztu bat eta gainera
ez oso fidagarria, gauaren beltza,
tximista, trumoia eta gero
ekaitzik ere ez. Akaso hain goiz
alde egin zenuen hitzik gabe? Baina irrigarri da
zuk artean ezpainak zenituela pentsatzea.
3
Parisko Saint-Jamesen gela “banako” bat
eskatu beharko dut (bezero bikote gabeak
ez dituzte gogoko). Eta halaxe halaber
zure hotel veneziarreko Bizantzio
aizunean; gero neska telefonisten
gelatxoa, zure betiko lagunena,
bilatzeko; eta nik alde berriro,
ahituta jardun mekanikoa,
zu berriro nire izateko irrika, nahiz
keinu bat izan edo ohitura.
4
Adostua genuen txistu-dei bat
beste mundurako, han elkar ezagutzeko seinalea.
Saiatzen naiz modulatzen esperantzari eutsiz
denok gaudela hilda hala gaudenik jakin gabe.
5
Ez nuen inoiz ulertu zure txakur fidel
muki-dindirria nintzen
edo zu zinen halakoa enetzat.
Besteentzat ez, intsektu miope bat zinen
goi gizarteko txutxuputxuan
galdua. Xaloak ziren
maltzur haiek eta ez zekiten
berak zirela zure trufagai:
ilunpetan ere mozorrogabetzen zituen
zure sen okergabeak,
zure saguzar erradarrak.
6
Ez zenuen sekula pentsatu zure arrastoa
uztea prosa zein poesia idatziz. Eta zure
xarma izan zen —eta gero nire buruaren nazka nirea.
Izan zen nire izua ere: gero neoterikoen
lohi korrokarira
botatakoa izatearena.
7
Nor bere buruaz errukitzea, tamal infinitoa, hemen behea
gurtzen duenaren angustia eta bestea espero duen arren
zalantza diona… (nor ausartzen da esaten beste mundua?)
“Erruki estrainioa…” (Azuzena, bigarren ekitaldia.)
8
Zure hitz hain baldar eta zuhurtasun gutxikoa da
orain asetzen nauen bakarra.
Baina aldatu egin da azentua, beste bat du kolorea.
Ohitu egin beharko dut zu entzutera edo zu dezifratzera
teletipoaren tekla-kolpeetan,
Brissagoko
nire puruen ke aldakorrean.
9
Entzutea zenuen ikusteko modu bakarra.
Telefonoaren kontua ia hutsera laburtu da.
10
“Errezatzen zuen?” “Bai, San Antoniori errezatzen zion
lagundu egiten baitu bilatzen
San Hermesen arropa-kutxako
aterki galduak eta beste gauza batzuk.”
“Horretarako baino ez?” “Baita bere hilen alde
eta nigatik ere.”
“Aski da”, esan zuen apaizak.
11
Zure negarraz gogoratzeak (nirea bi halako zen)
ez du zure algaren leherdura itzaltzen.
Zure Azken Judizio pribatu baten, eta tamalez gertatu gabearen,
aurrerakin halako batzuk ziren.
12
Udaberria dager bere sator pausoan.
Ez zaitut hizketan entzungo antibiotiko
pozoitsuez, zure femurreko iltzeaz,
omisio maltzur batek zure ondasunetan
egindako esku-arrantzaz.
Udaberria aurrera doa bere lanbro itsaskorrekin,
bere argi luzeekin, bere ordu jasanezinekin.
Ez zaitut jada lehian ikusiko denboraren,
mamuen, Udako arazo logistikoen
gainezkatzearekin.
13
Zure neba gazterik hil zen; zu zinen
erretratu obalatu batetik “posean” begiratzen didan
ile nahasiko neska koskorra.
Musika argitaratugabea idatzi zuen, inoiz entzun gabea,
gaur kutxa batean edo zabortegi batean hobiratua.
Agian norbaitek jakin gabe berritzen du,
egia bada idatzitakoa idatzita gelditzen dela.
Ezagutu gabe maitatu nuen.
Inork ez zuen, salbo zuk, gogoratzen.
Ez nintzen peskizan ibili; orain ez du muntarik.
Zutaz gainera ni naiz bakarra izan zuena
haren existentziaren berri. Posible da, badakizu,
itzal bat maitatzea, itzalak izaki gu ere.
14
Diote nirea inongotasunaren
poesia dela.
Baina zurea izanda edozeinena zen:
zurea, ez zarena jada forma, esentzia baizik.
Diote poesiak bere gorenean
fugan goresten duela Osotasuna,
ukatzen dute dortoka
ibaia baino arinagoa dela.
Zuk zenekiena da mugimendua
ez dela estasiaren desberdin,
hutsa betetasuna dela eta sosegua,
lainoen artetik lausoena.
Horrela hobeto ulertzen dut zure bidaia luzea,
benden eta igeltsuen artean lotua.
Halatan ere ez nau sosegatzen jakiteak
gu biok gauza bakarra garela bat eginda zein bi izanda.