17 segundo
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
Azala: Pello Irazu
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
aurkibidea
Erosi: 17,10
Ebook: 3,63
 

 

ALABARI

 

 

Rudyard Kiplingek
semeari idatzitako
“If” irakurri eta gero

 

 

Zure bihotzaren gakoa banu

esango nizuke:

 

ez utzi inori zure gainetik jartzen

are gutxiago gizonezkoa bada.

Eutsi beti zure duintasunari.

Ez ahaztu ondo lan egitea dela

pertsona duin egiten duena.

Izan zure ogibidea, inoren mende ez izateko.

 

Ez zaitez fida botereaz, erabili egingo zaitu.

Zaude gutxi daukatenen aldamenean.

Izan inozoa, ametsik xaloenek aldatu dute mundua.

Dena den, kontuan izan

ideiarik ederrenak ez duela zentzurik

pertsonaren bat zapalduz gauzatzen bada.

 

Hitz egokiak aurkituz gero

esango nizuke:

 

utzi bizitzen,

bakoitzak bere usteak eta bizipenak ditu,

errespeta itzazu nahiz eta zure kontrakoak iruditu.

Lagundu premia duenari,

zabaldu etxea arrotzari, zalantzarik gabe.

Errespeta sinesgabeak eta sinestunak

eta beraien fedea.

 

Zaindu zure hizkuntza.

Pentsa ez dela gurea soilik

mundu osoaren altxorra baizik.

 

Une aproposa kausituz gero,

esango nizuke:

 

sekula ez sinetsi ez dagoela zer eginik,

ia beti dago aterabideren bat.

Eta ez balego, onar ezazu.

Galduz ere irabazten da batzuetan.

Onartu bizitza eta halaber heriotza.

Heriotzaz jabetzea da

ditugun egitekoen artean zailena.

 

Plazerari eta zoriontasunari ez ateak itxi.

Maita beti pertsona, gizon edo emakume,

azala beti hazten baita eder.

Bete zure apetak.

 

Horretarako adorea banu,

esango nizuke:

 

gura baduzu, izan ama,

umeek erakutsiko dizute umila izaten.

Eta ez bazenu, gozatu bizitzaz bere osotasunean.

 

Maita oihanak eta maita hiriak.

Egon zabalik kitzika guztiei, ez izan aurreiritzirik.

Beldur bazara, onartu beldurra.

Triste bazaude, egon triste.

Ez dugu zertan izan une oro

zoriontsuak eta ausartak.

Entzun ondoan duzunari.

Entzun gazteei, entzun adinekoei.

 

Alaba bihotzekoa,

 

zaren bezala agertu.

Esan pentsatzen duzuna, nahiz eta

hurkoa mindu. Ikasi akatsetatik.

Ez izan beldur gauzak oker egiteko.

Harroa eta itsua baita dena ondo egiten duena.

 

Bilatu egunen joanaren edertasuna.

Sakonki bizi, baina ez azkar.

Ikasi denbora luzatzen,

gauza txikerretan arreta jartzen.

Egin zure bidea, zu zara erdigunea.

Saia ametsak betetzen eta ez utzi inori

amets horiek zapuzten.

 

Eta azkenik, ez egin kasu aholkuei.

Are gutxiago nireei.