17 segundo
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
Azala: Pello Irazu
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
aurkibidea
Erosi: 17,10
Ebook: 3,63
 

 

2

 

 

Euskal baladetan bada bat enigmatikoa. 1390. urtean izandako borroka bati buruzkoa da, unzuetatarren gazteluaren inguruan gertatutakoa. Ezin esan balada bat denik, soilik lehen lerroa geratu baitzaigu, antzinateko epigrama grekoen antzera. Esaldi bakarra da garaiko kroniketan idatzi zutena. Hasierako esaldi hori entzunda, balada osoa etorriko zitzaion gero burura sasoi hartako pertsona bati. Baina ahozko transmisioa etenda, esaldi hori baino ez zaigu geratu. Beste guztia irudika dezakegu, irudika ahapaldiak eta gertaerak, xehetasun eta sinboloak, baina balada bera ez dago.

      Geratu den lehen esaldi bakar horrek hauxe dio: “acundia, lejarr(...)ga lejarbaga”. Esan nahi du, muinoan dagoeneko ez dagoela lizarrik. Lizarraga, lizar zuhaitz ugari zegoen lekua, lizarrik gabe da orain. Gerran lizarrak erabiltzen ziren geziak egiteko. Gerraren luzeak, etengabe geziak egiteak mendia hustu egin du. Gizakiak naturaren itxura eraldatu du, gizakiak eragindako indarkeriak.

      Geroztik, leku hura ez da izango garai batean izan zena. Lizarraga, lizar ugari dagoen tokiari izena jartzeko erabiltzen den hitzak zentzu osoa galdu du orain. Balada zaharra hutsik da, hasierako esaldia baino ez dugu, eta mendia ere biluzik dago, ez da noizbait izan zena.

      Falta denak, ez dagoenak sortzen du poesia. Beckett-en Godot ez dago eta ez da etorriko. Ez dagoen Erroma baten hutsunea du Ovidiok erbestean, behin izan zena beharbada. Ez dagoen emakumea botatzen du faltan Safok olerkietan, agian bere buruan baino existitu ez dena.

      Gerrak hondatu duen zuhaiztia da errealitatea. Eta ez dagoen huraxe da poesia, menturaz izan dena eta berriz izango ez dena.