17 segundo
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
Azala: Pello Irazu
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
aurkibidea
Erosi: 17,10
Ebook: 3,63
 

 

1

 

 

Poesia liburuetan inprimatuta datozen lerroak kaiolako burdinak baino ez dira, poesia atzealdean dagoena da, hondoan ageri den piztia ederra. Esaldiek harrapatu baino ez dute egiten animalia bitxi hori, eta une batez erakutsi, hori bai, soilik lerro artean irakurtzen dakien irakurleari. Mark Strand poeta estatubatuarraren aburuz, poesia aske da egiantzekotasunaren bilaketatik. Nobeletan lehenengo araua da sinesgarritasuna, nobeletan mundu ezaguna azaltzen da, eta irakurleak antzeman egin behar du mundu hori, bestela nobelarenak egin du. Baina poesiak ez du errealitatearekin antzekotasunik bilatzen, bestelako errealitateak sortzea da haren helburua, begi bistan ez dagoen hori azaleratzea.

      Poema bat ez da ulertu behar, akats handia da hori. Sentitu egin behar da poesia, zeure burua haren ibai urtsuan hondoratu behar duzu, loak edo droga batek hartuko bazintu bezala. Gogoan dut, hamalau-hamabost urte nituela eta poesia irakurle amorratua izanik, Dylan Thomasen 18 poems bilduma irakurri nuela. Ez nuen ia ezer ulertzen baina atsegin nituen irudiak: I see the boys of summer in their ruin. Edadean sartutako gizonez ari zen? Udan neska-mutil koskorrek itsasora jauzi egiteko erabiltzen duten moila zahar baten neguko irudiaz? Bera al da udako mutil horietako bat? Galderak baino ez zituen sortzen nire baitan Thomasen poesiak, baina ez nintzen aztoratzen, gozatu egiten nuen.

      Irudipena daukat, gaur egunean ahaztu egin zaigula lerro artean irakurtzen, kaiola baino ez dugula ikusten lerro batzuk irakurtzen hasten garenean. Uste dut, gure abiadura handiko bizimoduan, ez dakigula seinaleak aurkitu eta interpretatzen. Testuei irakurketa maila bakarra ematen zaie. Informazioa jaso eta eman, den-dena kontatuz. Baina poesia urrun da egunkari edo nobelen linealtasunetik, poesiak ez dakiguna du ardatz, misterioa, hitzaren esanahirik zahar eta sakonenean.

      Hala eta guztiz ere, poemak zentzua izan behar du beti. Ez ditut maite apaindura hutsa diren poema irudiz hanpatuak. Poemak idazten hasi nintzenean, post-it bat jarri nuen nire gelan esaldi honekin: “poema bat, metafora bat”. Eszenekin osatuko nituen poemak, narrazioekin, gogoetekin, irudiekin, baina soilak izango ziren gauza guztien gainetik. Ahots poetikoa ere ez zen nirea izango. Batzuetan bai, baina beste batzuetan emakume baten ahotsean arituko nintzen, edo Afrikako etorkin batenean.

      Errealitate batetik abiatu beste errealitate bat sortzeko, komuna bilakatu norbere mina. Horixe da nire poesiaren helburua.

      Hizkuntzak erregistro bat baino gehiago zituela amamari kantuan entzunez jakin nuen lehen aldiz. Askotan kantatzen zuen berak etxean. Gustuko nuen bertsoz gogoratzen zuen mundu zahar hori. Euskal kantari tradiziozko batek, Jean Mixel Bedaxagarrek dio euskaldunon memoria kantuen bitartez transmititu dela, kantatu izan dugulako dagoela bizirik gure hizkuntza. Gure etxean halaxe gertatu da. Herri ginela jakin nuen amamari entzunda eta, orobat, euskal poesiaz zaletu nintzen. Ondoren etorri ziren Sylvia Plath, Ingeborg Bachmann, Anna Akhmatova, Pier Paolo Pasolini, Czeslaw Milosz, Yehuda Amichai, Federico Garcia Lorca eta Wislawa Szymborska; haikuak, koplak eta bertso libreak.

      Dylan Thomasen liburua hartu dut berriz ere eskuartean. Oraindik ezer gutxi ulertzen dut, baina berdin zait. Zeinen ederra den.