17 segundo
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
Azala: Pello Irazu
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
aurkibidea
Erosi: 17,10
Ebook: 3,63
 

 

AITAREN ETXEA NEUK ERE

 

 

Aitaren etxea defendituko dut neuk ere.

Nola ez, Gabriel,

Bilboko neure poeta kutuna.

Aitor dut zirrara eragiten didatela oraindik

diktaduraren ilunpean idatzi zenituen hitz haiek.

 

Maiz hartzen ditut gogoan

eta neure buruari galdetzen diot

nola eutsi zenien, ezker eskuin,

zure kontrako oldar bidegabeei.

Bitxia da baina

orain denek goratzen zaituzte,

baita behin larrutu zintuztenek ere.

 

Ez da erraza liburu onak idaztea gurean,

larre motzean hazitakoak gara euskaldunak,

onerako eta txarrerako.

 

Eta beldurrez idazten dugu oraindik,

galtzeko beldurrez ala

irabazteko, beharbada.

 

Baina eutsiko diot, Gabriel,

hizkuntza zaharrak belarrira

hitz egiten didan bitartean.

Aitaren etxea defendituko dut neuk ere.

 

Dena den, utzidazu pixka bat desleiala izaten,

laga etxeari itxura aldatzen:

pintatuko ditut hormak kolorez,

altzari merkeak jarriko ditut han-hemen,

eta afariak egingo ditut lagun senegaldarrekin

kalean erositako janariaz gozatzen.

 

Gure aitaren etxea

defendituko dut neuk ere, nola ez,

baina utzidazu noizean behin abandonatzen,

leihoak itxi eta ateak zarratzen.

Etxe alboko lorategian kanpin denda jarri

eta, udako gauean, seme-alabekin batera lo egiteko.

Horretarako ez bada ere, Gabriel.