17 segundo
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
Azala: Pello Irazu
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
aurkibidea
Erosi: 17,10
Ebook: 3,63
 

 

AUZOKOA

 

 

Urteekin mesfidatia bilakatu naiz.

Ikaratu egiten naiz gauez ateko txirrinak jotzen badu.

Zalantzati egoten naiz une batean,

zabaldu edo ez zabaldu.

 

Eta maiz, txirrin hotsari jaramonik ez egin

eta irakurgai dudan liburuan

jartzen dut arreta, liburuko mundu hori

benetakoagoa balitz bezala etxe kanpokoa baino.

 

Atea jo dute. Izutu egin naiz gaur ere.

Zulotik behatuta ikusi dut auzokoa dela.

Aljeriar gaztea, itsasoan sei hilabete eta gero,

bakailao arraina oparitzera dator.

“Andreak esan dit haurdunaldian

lagundu diozuela eta esker onez”.

 

Eta bakailao usainak gogora ekarri dit

nola aita itsasotik zetorren bakoitzean

korrika joaten nintzen korridorean barrena,

txirrinak jotzen bazuen atean.

Besarkatzean, usain bera hartzen nion.

 

Egun batean, desagertu egin ziren auzokoak,

agurtu gabe joan, gizona, andrea eta umea.

Ez genuen jakin deus ere beraiei buruz.

Duela gutxi arte.

 

Izan ere, Loiuko aireportuan

ezustean gurutzatu egin nintzen arrantzalearekin.

Berak ez ninduen agurtu.

Zalantza une bat izan ondoren

nik ere ez nion ezer esan.