17 segundo
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
Azala: Pello Irazu
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
aurkibidea
Erosi: 17,10
Ebook: 3,63
 

 

HITZAK ERE BAI

 

 

Hitzak ere hil ziren 36ko gerrarekin.

 

Hil ziren izenak.

Amonak urtxintxa esateko

zerabilen “katamixar” hura adibidez.

“Ardilli” esango zioten umeek aurrerantzean.

 

Hil ziren aditzak.

Ahalerazkoak batez ere,

halakoxeak galtzen dira eta lehenik diktaduretan.

 

Hil ziren fonemak. Hargatik

errieta egiten zien amonak alabei,

aitari “atxe” deitzen ziotelako, zabar,

t bikoitza ondo ahoskatu gabe.

Ez zekitelako esaten “aitte”.

 

Amonaren hizkera argi dotorea,

eskuz brodatzen zituen izara zuriak bezain.

Harro eskegitzen zituen balkoian,

haizeak hegotik jotzen zuenean.

Debekatutako euskal banderaren koloreko

geranio gorri, zuri eta berdeen ondoan.

 

Eta errieta egiten zigun amonak bilobei

kolore horia eta gorria bageneramatzan jantzietan.

“Franco pozik da” esanda

astintzen zituen gure haur kontzientzia txikiak.

 

Ezen hitzak ere hil ziren gerrarekin.

Hitzak ere bai.

 

Haur galtzetinak

eskegitzen ditut nik orain balkoian.

Marradunak dira, gorriak eta horiak.

Gure amonak baleki...

 

Alabarenak dira.

Laster agertuko da eskolatik

eta urrunetik “aita” deituko dit,

t bakarrarekin, euskara berrian.