17 segundo
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
Azala: Pello Irazu
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
aurkibidea
Erosi: 17,10
Ebook: 3,63
 

 

TXORIAK NEGUAN

 

 

Txoriak salbatzea zen gure mandatua,

elurretan preso geratu ziren txoriak salbatzea.

 

Hondartza aldean egoten ziren gordean gehienak

itsaso beltzaren abarora.

Haien babeslekutik atera eta

etxera eramaten genituen patriketan sartuta.

Txori txiki-txikiak, gure eskuetan ere

doi-doi sartzen zirela.

 

Etxean, berogailuaren ondoan jartzen genituen.

Txoriek, baina, ez zuten luzaroan irauten.

Hil egiten ziren bi edo hiru orduren buruan.

Guk ez genuen ulertzen zergatik,

ez genuen ulertzen haien esker txarra.

Izan ere, esnetan bustitako ogi apurrak

ematen genizkien jatera ahora

eta ohantzea ere prestatzen genien

gure bufanda koloretsuekin.

 

Alferrik, baina, hil egiten ziren.

 

Gurasoek, haserre, esaten ziguten

ez ekartzeko txori gehiago etxera,

hil egiten zirela gehiegizko beroagatik.

Eta natura jakintsua dela

eta iritsiko zela udaberria bere txoriekin.

 

Pentsakor jartzen ginen gu une batez:

“Beharbada gurasoak zuzen izango dira”.

 

Hala eta guztiz, biharamunean berriro

joango ginen hondartzara txoriak salbatzera.

Gure ahalegina itsasoan elur malutak

bezain alferrekoa zela jakin arren.

 

Eta txoriek hiltzen jarraitzen zuten,

txoriak salbatzea baitzen gure mandatua.