17 segundo
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
Azala: Pello Irazu
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
aurkibidea
Erosi: 17,10
Ebook: 3,63
 

 

JAINKO TXIKI ETA JOSTALARI HURA

 

 

Orinak marraztu zizkizun jainko hura izan gura nuke,

jainko txiki eta jostalari hura,

milaka puntutxo margotuz zure azalean.

 

Atsegin ditut zure orinak.

Atsegin dut kontatzea izarrak balira bezala.

Eta izar berri bat aurkitzea egunero,

supernoba bat kausitzen duen astronomoa legez,

zure bizkarreko toki ezkutu batean

edo zure bularren azpian.

 

Zure azala neure atzamarrekin ibiltzea dut gustuko,

jarraitzea planeta ezberdinen artean

sortzen diren lerro ikusezinak.

Astiro-astiro, teleskopio zehatz batek bezala.

 

Zuk diozu ez zaizkizula gustatzen,

nahiago zenukeela orinik ez izan

azal zuri leunean.

Baina zer egingo nuke nik, noraezean

dabilen itsasgizona nintzateke gau itxian.

 

Gogoan dut orin bat eskatu nizula

elkar ezagutu genuen gauean.

Begiaren ondoan duzun hori.

Nahikoa nuen Itaka txiki hori

nire etxea bertan eraikitzeko.

Eta zuk, eskuzabal, esan zenidan:

den-denak izango dira zuretzat,

guztira zenbat ditudan asmatzen duzunean.

 

Orinak marraztu zizkizun jainko hura izan gura nuke,

jainko txiki eta jostalari hura.

Eta musu eman gauero zure orinei,

banan-banan eta kontu handiz,

kontu handiz, desitsats ez daitezen.