17 segundo
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
Azala: Pello Irazu
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
17 segundo
2019, poesia
168 orrialde
978-84-17051-40-2
aurkibidea
Erosi: 17,10
Ebook: 3,63
 

 

ZUHAITZA

 

 

Zazpi bat urte izango ditu mutilak. Amak agindu zion Gasteizera joango zirela autoz asteburuan, Gamarrako igerilekuetara, eguraldi ona bazen. Ateri eta eguzkitsu jaio da goiza udaberriaren hondarrean. Ama txangorako gauzak prestatzen ari den bitartean atera da umea balkoira, ezin da etxe barruan zain egon. Balkoiko burdinazko barandan trostan darabil jostailuzko zaldia, alde batetik bestera. Han goitik, orubearen azpian errepidea ikusten du eta errepideaz haraindi kuartela. XX. mende hasieran jasotako gaztelu ainubea da, bi dorrerekin. Beldurrezko ipuinetakoa dirudi baina badu detaile bitxi bat: dorre bakoitzak barraskiloen harrizko gargolak ditu, ematen du aldapan gora doazela beren maskor eta adar txikiekin. Mutilak pentsatu du sekula ere ez direla iritsiko tontorrera.

      Badirudi ezer ez dela mugitzen herri hartan, dena da lasaia. Igande goizez ez da berbotsik aditzen kalean, auto urrun bat, mutila bere bostean hizketan. Kuartel aurreko espaloian zuhaitz luze bat dago, altzifrea, eta haren abarora guardia zibil bat zaindari. Oinezkorik ez da igarotzen espaloi hartatik herriko gazte hura kuartel barruan tiroz hil zutenetik. Mutilak ere badaki hori, amak esana dio han aurretik ez pasatzeko, eta kalea zeharkatzen du bertara iritsi orduko.

      Mutilari zalditxoa erori zaio eskuetatik. Zorionez, balkoi barrura jausi da baranda ahoaren zorteak hala erabaki duelako. Jostailua hartzera makurtu denean zarata bat entzun du. Burua atera eta errepidean jarri du arreta. Gizon bat korrika doa pistola batekin. Atzean utzi du guardia zibila, zauriturik. Guardiak ezin dio zutik egoteari eutsi. Zuhaitzaren enborra gogor besarkatu du, eta ezari-ezarian, besarkadari eutsiz baina enbor azalean narras eginez, lurrera erori da zerraldo. Ama aztoratuta atera da balkoira eta barrura sartzeko agindu dio mutilari, besotik zakar helduta. Balkoiko atea itxi eta pertsianak jaitsi ditu. Begietara begiratu dio mutilari, kumea galdu duen katamaren urduritasunarekin.

      — Ama, ez goaz Gasteizera, ezta?