Haize begitik
Haize begitik
2025, poesia
poesia 100
88 orrialde
978-84-19570-47-5
Azala: Lander Garro
Mikel Ibarguren
1967, Zestoa
 
2011, poesia
2002, poesia
1996, poesia
 

 

ABENDUAN

 

 

 

Abendua da eta lehendakariak

zortzietan emango duen

adierazpen instituzionalaren zain dago jendea.

 

Kale kantoietako bozgorailuetan

gabon kantak aditzen dira,

errugbi matxari begira daude gehienak,

haurrak izotz-pista artifizialean dostatzen,

gaztaina erre usaina dario

Gambetta karrika nagusiari.

 

Diotenez, beste gorpu bat

atzeman dute Bidasoan,

informatiboetako unitate ibiltariak bertan dira.

Ez dute oraindik identifikatu ahal izan,

baina etorkina izan daitekeela diote,

ilegala ote den,

papergabe horietakorik.

 

Abdullah izan zitekeen, Ibrahim bestela,

akaso Mohamed edo Assila.

 

Abendua da eta hotz egiten du.

Jendea uros da terraza berotuetan,

euforia performatua irudika daiteke

haien algaretan.

 

Plazaren erdian gabonetako pinua dakusat

eta sardindegian egiten ari

diren bigarren eskuko

ilusioen salmentan

aspaldian ikusi gabeko ezagun batek

bostekoa eman dit:

 

guri lana kentzera datoz horiek

esan du boxer arrazako

txakurra sokan hartuta.