Haize begitik
Haize begitik
2025, poesia
poesia 100
88 orrialde
978-84-19570-47-5
Azala: Lander Garro
Mikel Ibarguren
1967, Zestoa
 
2011, poesia
2002, poesia
1996, poesia
 

 

PENTSIO PLANA

 

 

 

Erretiroa noiz hartu behar dudan

galdetu dit eskola garaiko lagunak,

zenbat kobratuko dudan ba al dakidan;

etorkizunaz eta familiaz

kezkatzen hasi behar dudala,

berak bezala pentsio plana egiteko esan dit

ezustekorik ez izateko

—badaezpada, badakik—,

doako zerbitzu espezializatuak ei daude

55 urtetik gorakoentzat.

 

Hitz eta pitz aritu da

buruan duen bisera beltza

kenduz eta jarriz etengabe.

 

Bizitza erosgai den merkantzia bailitzan

zer esan ez dakidala gelditu natzaio,

ez diot esan duela gutxi

bidali didatela gutuna,

64 urterekin 634,24 euro,

66rekin 780,22 euro

eta 67 urterekin 859,24 euro

izango ditudala esanez.

 

Gozatu Bizitzaz programa dute,

deitu lehenbailehen, eman dit aholkua

agurtzeko bizkarrean kolpe bat emanda.