
Aurkibidea
ILEN
EBIAKOITZ
EGUEN
IGANDE
Aurkibidea
ILEN
EBIAKOITZ
EGUEN
IGANDE
EGUNEROKOA
Astelehena, Soldata Arrakalaren Aurkako egunean
zor patriarkala gogoratu dute prentsa digitalean,
Aitziber amaren gorputz nekatuarekin gogoratu da.
Kaosaren teoria ikusgai da Guggenheim museoan.
Asteartea, Conquiseko Eneko lur jota omen da
uste baino lehenago kanporatu dutelako.
“Negar ez egiten saiatu naiz, baina ezin izan diot
eutsi eta negarrari eman diot azkenean”,
esan du hunkiturik.
Asteazkena, ezohiko gobernu bilera deitu du
Urkulluk eta bozak apirilaren 21ean izango direla
esan du. “Katebegi bat naiz”.
Osteguna, interneten irakurri dut Lynda izeneko
ingeles bat klinikoki hilda egon dela minutu luzez,
Everest baino askoz handiagoak diren mendiez
inguraturik eta lorez betetako zelai batean
egon dela ihardetsi die kazetariei.
Info insolite en continue France Inter.
Ostirala, horoskopoak bere buruan konfiantza
izateko eskatzen dio Pisces zeinua duen Alaitzi,
lortuko duela bere helburuak betetzea eta
izango duela norekin partekatu bizitza
eta izateko pazientzia
—eta zoriona norabidea balitz eta ez leku bat?—.
Larunbata, 3. solairuko Aintzanerekin egin dut topo
jolas parkean, jada ibiltzeko gai ez den amonaren
txakurra ateratzen du pasieran sos batzuen truk.
“Ikasketak ordaintzen laguntzeko”.
Berangon erdara nagusi dela irakurri
diot Juan Luis Mugertzari.
Igandea, Capbretonen gaude oporretan.
Ez dakit zergatik den —edo agian bai—, baina
lasaitasuna ematen digu leku honek.
Hantxe “Bila ibili gabe genbiltzan
baina jakinik elkar aurkituko genuela”
hitzartu ginen lehen aldiz, gogoratzen zara?
Ezkerreko bekaina gora duen emojia jaso dut
mugikorrean, luzerako al dudan galdetu didazu,
etxerakoan ogia ekartzeko otoi.