Poesia kaiera
Poesia kaiera
Pier Paolo Pasolini
itzulpena: Irene Hurtado de Saratxo Mendieta
2023, poesia
64 orrialde
978-84-19570-17-8
Pier Paolo Pasolini
1922-1975
 
 
Hitzaurrea

 

       Diziplina anitzetan aritzen diren sortzaileen artean bi joera nagusi bereizi ohi dira: batzuek banaketa argia egiten dute diziplinen artean, modalitate bakoitza gai eta hurbiltze-modu berezituetarako gordeta; beste batzuek, aldiz, kezka berberez aritzeko baliatzen dituzte sormen-modalitate guztiak. Pasolini bigarren multzokoa dugu. Poeta, nobelagile, zinema-zuzendari, pentsalari, kazetari eta irudigile, poesia du bere sormen-lanen ernamuin eta helmuga.

       Pier Paolo Pasolini 1922an jaio zen Bolonian, Mussolinik lehen ministro kargua hartu zuen urtean. Zazpi urte zituela idatzi omen zituen bere lehen bertsoak, amak akuilatuta, eta harrezkero ia etenik gabe lotu zitzaion poesia idazteari, 1975ean hil zuten arte. 19 urte zituen lehen poema liburua kaleratu zuenean, oraindik bere haurtzaroko Friuli eskualdean bizi zela. Handik hamar urte eskasera Erromara alde egin zuen amarekin, Friulin itogarria bilakatzen ari zitzaion girotik ihesi. Erroman ekin zion narratiba idazteari (Kale gorriko umeak nobela, euskaraz Fernando Reyren itzulpenean irakur daitekeena, 1955ekoa da), baita urte gutxira filmak egiteari ere. 1960ko hamarkadan zinemaren munduan buru-belarri aritu zenean gutxiago argitaratu bazuen ere —20 film luze, labur eta dokumental inguru zuzendu zituen 15 urtean—, ez zion poemak idazteari utzi.

       Pasolinik bi hizkuntza erabili zituen bere poesia lanetan: amaren friulera, gaztetxo zela Casarsan ikasi zuena, batez ere gaztaroko poemetan; eta italiera, aitarekin lotzen zuena, gehienbat Erromara iritsi eta ondorengo lanetan. Hizkuntza-hautu horrekin batera, molde eta interesguneetan ere bilakaera bat hautematen da haren poesian: hasierako poemak lerro eta ahapaldi laburragokoak dira, herri literaturaren estilizaziotik hurbilago daude, eta nabariagoa da haietan Pasolini gaztetxotan liluratu zuen sinbolismoaren eragina. Erromara iristearekin batera, ordea, eta komunismoaren begiradak gidatuta, haren poesia errebalez, etxolaz, lan-buzo urdinez eta miseriaz beteko da, eta hats luzeagokoak izango dira hemendik aurrerako aleak.

       Pasoliniren poemak irakurtzea deserosoa da. Bere herrikideen erretratu gordin eta zintzoa aurkezten digu, enpatiatik idatzia baina aldi berean gupidagabea. Ezinegonak zeharkatzen du Pasoliniren poesia oro: desirak erretako gorputzean kabitu ezinik errekonozitzen du bere burua (“amaigabea dut amodio-gosea, / arimarik gabeko gorputzen amodioaz”), baita inguratzen duen gizartetik urrun ere (“beha nago gizon hauei: nirea / ez bezalako bizitza batean heziak, / hain bestelakoa den historia baten emaitza”). Gogorra da poetaren begirada —gogorra ala gogortua, ezin jakin—, kritikoa, exijentea, eta bakanak dira zerbait edo norbait onesteko baliatzen dituen uneak. Era berean, harrigarriro profetikoak dira poemetako batzuk, lotsatzerainoko gaurkotasuna duen Profezia, kasurako.

       Urriak izan dira orain arte Pasoliniren poesia euskaraz irakurtzeko izan ditugun aukerak: Ińigo Aranbarrik Gramsciren errautsak liburuko izen bereko poema luzea osorik euskaratu zuen, eta Bego Montoriok eta Joserra Utretxek itzulitako ale solteak ere badira. Orain, haren poesiaren argazki panoramikoa dugu esku artean, Irene Hurtado de Saratxo Mendietak ahots goraz irakurtzera gonbidatzen duen musikaltasunez bikain ekarria.

Isabel Etxeberria Ramírez