1936an Avellanedan (Argentina) jaio zen Alejandra Pizarnik naziengandik ihes egin zuen familia judutar baten abaroan. Errusiatik mudatu berriak ziren bere gurasoak, eta izan zituzten bi alabak —Alejandra zen txikiena— Argentinan jaio baziren ere, Pizarniken poesian aski presente da arroztasun sentipena, inon errotzeko zailtasuna, nonahi atzerritar sentitzearena. Sentimendu hori, baina, geografikoa bainoago existentziala izatera iristen dela esan liteke, ni-aren eta munduaren artean arrakala gaindiezina egongo balitz bezala. Hala, Pizarniken poesia, nitasun indartsu baten aldarrikapena da, lehen pertsonako izenordaina enfasiz adieraztetik hasita (Kaiola poeman, adibidez).
Hain justu kaiola nitasun indartsu horren mugatzaile agertzen da maiz bere poesian, tartean Esnaera poema durduzagarrian, non guri Artzeren oihartzunak etortzen zaizkigun ezinbestez: “Kaiola txori bihurtu da / eta hegan joan da”. Pizarniken irudi topikoa bere izaera moldakaitzak eta heriotzak markatu izan dute, eta halaxe sartu da bere buruaz beste egin zuten idazle emakumezkoen klubean. Urrutira joan gabe, gure bilduman bertan hortxe ditugu Anne Sexton eta Alfonsina Storni. Idazkuntza guda-eremu azaltzen da sarri poeta horiengan, gizarteak emakume arau-hausle bati eragiten dion bortxaren isla gisa nolabait, eta Pizarnikengan ere horren zantzuak topatzen ahal ditugu. Ez alferrik dira “absentzia” eta “beldurra” bere kontzeptu markatuenetako bi, eta ez alferrik irakurri dute haren poesia mundu zabaleko emakume ugarik beren errealitatearen irudi izango balitz bezala. Idaztea, hala, buru egitea da halaber: “Beldurraren aurka idazten dut”.
Arestian esan bezala, Pizarniken poesiaren ezaugarri nabarmenetakoa da subjektibitatearen analisia. Barne munduarekiko eta inkontzientearekiko kezka, neurri batean bederen, surrealismotik eta Leon Ostrov psikoanalistarengandik zetozkion. Ostrovekin terapia egin zuen urte luzez eta hari dedikatua da lehen aipaturiko Esnaera. Ni-aren bilaketa horrekin lotzen dira, orobat, haren poesian topa litezkeen ahots zabalduak: dena, izan zena, izatea amets zuena, oro agertzen zaizkigu txirikordaturik. Eta horrek guztiak eragiten duen erredura, irakurleak ere sentituko duena maiz: “pertsona zauritua naiz / singularreko lehen pertsona”.
1960an Parisera joan zen bizitzera. Lau urtez luzatu zuen egonaldia, eta han bizitakoak mugarriak izan zitzaizkion bere ibilbidean. Hainbat literatura lanetan jardun zuen (edizio lanak, itzulpenak), eta zenbait idazle espainiar eta latinoamerikar handiren adiskide egin zen: Rosa Chacel, Julio Cortazar, Octavio Paz. Parisen egindako itzulpenen artean Antonin Artaud, Aime Cesaire eta Marguerite Duras aipa litezke besteak beste. 1972an suizidatu zen, hogeita hamasei urte besterik ez zituela, baina ordurako poeta aski entzutetsua zen Argentinan. Gerora, eremu hispaniarretik at ere aintzatetsi da XX. mendeko poeta behinenen artean.
Honakoa aukera bikaina dugu Pizarniken lana autoreari buruzko ideia topikoez —depresioa, histeria, arazo psikiatrikoak, suizidioa— erauzirik irakurtzekoa. Obra bizitzaren bidez azaltzea bide errazegia izan ohi bada, emakume idazleen kasuan are gutxiesgarriagoa izaten da, haien balizko bizitza tormentuzkoetan jartzen dugulako arreta —eta juzgu morala—, beren obren balioan bainoago. Bada, hitz egin beza, bere ahotik, Pizarniken poesiak.