Naziengandik ihes egin zuen familia judutar baten abaroan jaioa, Pizarnik argentinarraren poesian aski presente da arroztasun sentipena, inon errotzeko zailtasuna, nonahi atzerritar sentitzearena. Sentimendu hori, baina, geografikoa bainoago existentziala izatera iristen dela esan liteke, ni-aren eta munduaren artean arrakala gaindiezina egongo balitz bezala. Hala, Pizarniken poesia, nitasun indartsu baten aldarrikapena da. Honakoa aukera bikaina dugu Pizarniken lana autoreari buruzko ideia topikoez —depresioa, histeria, arazo psikiatrikoak, suizidioa— erauzirik irakurtzekoa.