
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Dramak biderkatu, Danele Sarriugarte
ERRESISTENTZIA ARAZO FISIKOA DA
5. Informe I: Ingreso por deambulación
PROMESA BERDINA EGIN DIEGU LAGUN GUZTIEI
4. Zergatik zaude haserre? (I)
5. Bizitza lagunak galtzen joango garela onartzea da
6. Zergatik zaude haserre? (II)
7. Itxi begiak gure urtebetetzean
9. Talde politak osatzen ditugu
2. Has gaitezke elkarri kopiatzen
8. Laguntasuna defentsa basati bat da
9. “Hemen egongo baigera beti”
10. Hilotzak bihotzean etzanda
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Dramak biderkatu, Danele Sarriugarte
ERRESISTENTZIA ARAZO FISIKOA DA
5. Informe I: Ingreso por deambulación
PROMESA BERDINA EGIN DIEGU LAGUN GUZTIEI
4. Zergatik zaude haserre? (I)
5. Bizitza lagunak galtzen joango garela onartzea da
6. Zergatik zaude haserre? (II)
7. Itxi begiak gure urtebetetzean
9. Talde politak osatzen ditugu
2. Has gaitezke elkarri kopiatzen
8. Laguntasuna defentsa basati bat da
9. “Hemen egongo baigera beti”
10. Hilotzak bihotzean etzanda
PROMESA BATEN ANATOMIA
Maite Aizpurua
Aitortzen dut: txarra naiz tituluak jartzen jaioberriei. Hitz gutxiko promesa bat egitea, “baina”rik gabe, arrazoiketa ponposorik gabe. Kanpotik datorren ordena bat bezala bizi dut batzuetan. Izen bat nolabait beti erlazioan dagoen zerbait delako. Titulu batek kuirra izateko aukera izan beharko luke, pentsatzen dut, agian, irakurriko duenaren arabera izendatzeko aukera izan. Eskuan liburua hartzen duenaren arabera alda daitezela lekuz letrak modu magikoan.
Gero, egunaren amaieran, eskertzen dut izen bakar bat jarri behar izatea gauzei, orokorrean. Ale, bilatu bere baitan irakurlearen arabera kuirra izango den titulu bakar bat, dena eta izan daitekeena. Maximo hiru hitz, ale.
Eta bakoitzak bere ezintasunak eta bertuteak dituenez, eta, dagoeneko, ordena establezituan irakurtzen joan bazara behintzat, azala eta mamia irakurri dituzunez, ba liburuaren izenburua aukeratzerakoan sortu den gogoeta honi tarte bat eman nahi izan diot.
Hasi aurretik sekretu bat: gehienetan estrategiak bilatzen ditut tituluak beste norbaitek jar ditzan. Zein izen jarriko zenioke zuk liburu honi?
Orain urte batzuk, Arte Dramatikoko ikasketetan graduatu nintzen abiaduraren inguruko performantze friki bat, korrika-makina bat eta anbizio filosofiko handiak eskuetan nituela. Ordura arte irakasle nuen lagun batek, eskolako testuinguru horretatik aterata, esan zidan: “Egiten ari zaren hori guztia, abiadura eta kapitalismoarena ikertzea dena ondo, e, oso sakona, baina kontu bat, pertsona herren bat zara korrika-makina baten aurrean, ba hori, hori da ikusten dudana”.
Komentario sinple bat, eta danba! Estropezu egin zuen sortzaileak zegoenarekin. Eta zauriarekin. Orduan hasi nintzen usaintzen egon bazegoena, baina planifikatu ezin nuena. Hasi praktikatzen sormen prozesuetan hainbeste kostatzen den hori: egotea eta entzutea, prefabrikatutako ideien forma itxietan emaitzak bilatu baino oinarrietara jo, ahal dena egin eta arreta entrenatu. Intuizioari entzun, altxorrak gorde, sinpletasunari heldu, erabakiak hartzen saiatu, nekiena desikasi eta dakigun gutxiari dirdira atera. Ez da lan makala, ez, pentsamendu barrokoa, hitz-jarioa mingainean eta arima su artifizial dugunontzat. Sinetsidazu.
Behin entzun nion ez dakit zeini, norbere-norbanakoaren mina edota jakinduria erakusteko egiten den arteak aspertu egiten zuela, artelanaren zentroa ez delako egilea edo interpretea izan behar, artelana mediuma izan behar litzatekeelako nolabait. Orduz geroztik, obsesio bilakatu zitzaidan antzerkiak beti hartzaileak izango dituen ideiarekin lan egitea. Antzezlana ikustera datorren publikoaren bidaiarekin edota antzerkia gertatuko den lekuarekin eta lekukoekin konektatuta egotea. Horregatik, sufrimenduaren erakustaldi eszeniko bat gehiago sortzeko tentazioak, banan-banan eta goxo-goxo, disolbatzen joaten diren hasierako bulkadak bezala bizitzen ditut. Jendearekin elkarlanean urtzen eta nahasten joan diren hasierak izan dira minak.
Liburu hau osatzeko iraganeko testuak kuxkuxeatzen ari nintzela aurkitu dut poesia inperfektu hau:
Hemen
nekrosiaren
zona 0:
fantasia zikatrizatuak
gorria ari du
Hemen
memoria ari du
titaniozko ausardia
zeramika hautsen udaberria
Hemen
ortopedia malgua
katatonia ibiltariak,
korrikalariak
mamu ibiltariak
promesa korrikalariak
Bere garaian, ez nuen poema eszenan enkajatzea lortu, momentu horretan ez nuelako ulertzen zer esan nahi zuen. Eta, egia esan, oraindik ere antzera begiratzen dut, bekainak uzkurtuta eta muturra estututa, jaioberri zatar bati bezala. “Zer da hau?” besteei galdezka.
Eta hala ere, poesia honek antzerki hauetan errepikatzen diren hiru obsesio jasotzen ditu: gorria, mamuak eta promesa. Poesia honek istorioen abiapuntuan dagoen hasiera jasotzen du: pauso bat bestearen berdin sekula emango ez duen herrenarena. Aurrera ibiliagatik ere, baldintza materialengatik bide zuzena ezinezkoa duten izakiena.
Goazen bada herrenka puntuz puntu.
Gorriarena, klasiko bat da, noski. Gorri kolorea nukleoa da: pasioarena, haragiarena, minarena, ilusioarena, gehiegikeriarena. Argi gorria maite dut, azala tripetatik pizten duelako, asunek egiten duten moduan. Koloretako bihotzen emotikonoek aukerak zabaldu dizkigute, ados, baina bihotz gorria beti beste zerbait da.
Obsesio bat da ere mamuena, aitortzen dut, agerrarazteko haien burua estaltzen duten presentziena. Izara azpiko klasikoak, airean dauden ezinezko lagun inbokatuak, enkaputxatutako lagun ezkutuak, espektroak. Berandu ohartu naiz honetaz, baina antza mamuak infiltratzen ditut sormen prozesu guztietan. “Beste-gu” horiek edo, agian moralki edo fisikoki izan ezin garenak, baina gorputz imajinatu gisa bai. Gure gertaeren voyeurrak diren mamu horiek.
Eta promesarena. Agian dudan irudimen metraileta honengatik edo agian lehen kolpean dagoenari umiltasunez begiratzeko ezintasunagatik, ez dakit, baina promesaren kontzeptuak zeharkatzen ditu antzezlan guztiak, oso fuerte.
Erresistentzia arazo fisikoa da lehen aldiz bipedo funtzional bat antzezteko —eszenan eta eszenatik kanpo— pribilegioa izan nuen unean agertu zen, ezgaitasunaren gaineko hausnarketa eszeniko gisa. Aktore herrena eta korrika-makina parez pare jarri, eta gizarte kapazitista batean erdi zuzen ibiltzeak sorrarazten zizkidan abantaila eta buruhausteekin, zein espektatiba sortzen ziren ikertu nuen. Ordura arte ez nuen nire burua lisiatuen edota ez-lisiatuen artean sartu —politizatu, esaten dena—, eta bat-batean sasi-lisiatu bezala izendatzeko beharra sentitu nuen, tartean zegoen mundu horrekin konprometitzeko. Promesa eszeniko bat egosi nuen lehen aldia izan zela uste dut.
Ondorengo “promesa” biak, berdina eta txikiena, urte luzeetan sexilio intermitentetik nire herrira itzultzea eta lagunarteko etxebizitza batean bizitzea lortu nuen urtean abiatu ziren. Urte hauetan behatu dut badagoela bizi momentu bat egoera edo gai batek eragindako mina bigarren plano batera pasa eta zauriarekin zerbait eskuzabalagoa egiteko ateak zabaltzen direna. Biktimaren lekua utzi eta distantzia pixka bat hartuta ingurura begiratzen hasten garena, behingoz. Promesa bat formulatu dezakezuna, norbere buruarekin edo jendearekin. Esperientziatik azaltzen saiatuko naiz, baina hasi aurretik, promesaren inguruko ohar parea partekatu nahi nuke zurekin:
1. Promesa bat ez da aurreikuspen huts bat, eguraldiaren interneteko iragarpena bezala. Promesa baten atzean borondatea dago, promesa egin izanaren memoriak inplikatzen gaitu, eragin bat du. Zentzurik onenean, zin egitea, hitz magikoak esatea bezalakoa da, zerbaitekin edo norbaitekin harremanetan jartzen gaituen akzio bat.
2. Promesa batek denbora eta leku bat behar du gerta dadin edo hautsi dadin. Komunitate bat behar du, edo gutxienez, inplikatzen duen norbait.
Urte luzez, laguntasuna heteroarauaren gaitz guztien aurkako irtenbidea zelakoan egon naiz, denetik eskatu diot laguntasunari, eta usaindu dezaket, liburu honetara gerturatu zareten batzuk ez zaretela urruti ibiliko sinesmen honetatik. Eta gero, gaztaroaren amaierekin gertatzen den bezala: antidotoa bilatu ez, ostiak jaso eta abandonuak jotako tirano bat bihurtu nintzen. Ni, lagun iraultzaile perfektua, unibertsoak ahaztuta. Espero dut, irakurle, ulertuko duzula minduta dagoenaren itsutasuna. Baina hala bizitzan nola sormenean, lotsa ematen duen arren, garrantzitsua izaten da kasketarik okerrenak zerk eragiten dizkigun onartzea.
Gure sormen prozesuan ere, laguntasunaren epikari eta edertasunari zegozkion gaiak ikertzen hasi ginen: forever hitza, traizioa, erromantizismoa, familia anti-nuklearrak... Eta begira, amaiera kontatuko dizut zuzenean. Hamarkada bat geroago eta hiru urteko sormen prozesuaren ondoren, konklusio modura, ideia tonto batera iristeko zortea izan dudala esango dizut. Hauxe: besteak lagun txarrak direla dioten kontakizunak bakarrik kontuan hartuta, ez litzateke lagun on bakar bat ere existituko. Ergo, matematikoki ezinezkoa da norbera izatea munduko lagun on bakarra.
Sormen eta talde prozesuei eskertzen diedana da behatzera bultzatzen zaituztela. Prozesuak eraman nau ikustera oraindik ere badaudela laguntasun esperientziak, ikusgarritasun gutxiago dutenak nik bizi izan ditudanak baino. Edo, uste ez nuen arren, bakardadearen rankingean nahikoa pribilegiatua naizela. Prozesuak eraman nau galdetzera zergatik diren nire lagun (eta lankide, eta bizilagun, eta maitale, eta abar...) gehienak nire adinekoak, zuriak edo euskal hiztunak. Edo zergatik dirudigun iritzietan klonak, baina gero desberdin egiten ditugun gauzak eta ez dugun elkar ulertzen, hain berdinak bagara gure baloreetan. Edo ea poliziaren alde dagoen norbaiten edo, are okerrago, polizia baten laguna izan naitekeen. Uste dut ezetz. Ea nola ahal dugun lortu erdibide bat liberalismoa eta esklusibitatearen artean, edo liberalismoa eta esklusibitatea ez ote diren txanpon beraren bi aldeak. Ea nola bila dezakedan, benetan, materialki diot, denbora duin bat jendearekin egoteko, orain ez dudana. Ez duguna orokorrean. Eraman nau prozesuak behin eta berriz analogiak bilatzera aktore talde honen osaketa eta orain arte ezagututako lagun taldeen osaketen artean. Zer duen adinkeriatik, arrazakeriatik edo gaitasunkeriatik, eta zer ez. “Keriak”, “ismoak”, “tasunak”. Ze gauza bat da zure klub esklusiboarekin kafe bat hartzea,
eta bestea lagun taldea eszenaratzea eta kanpotik ikusi ahal izatea. Eraman nau galdetzera ea zer egiten dudan eta dugun laguntasunarekin —edo agian kidetasunarekin?— komunitatean, harreman intimo batetik harago izan dadin jende gehiagoren konpainia, biziraupena eta bakardadea goxatzeko potentziala. Izan dadin konpromisorako harreman bat. Eta batez ere, eraman nau disidentziek, xelebrekeriak eta ohiturazko topaleku arruntenek sortzen dituzten arnasgune txikiak infinituki eskertzera.
Antzezlana estreinako aldiz egitera goazen honetan, eraman nau onartzera antzezlan honek ezin dituela galdera horietako batzuk erantzun. Eta ondo dagoela ere galdera horiek, batzuk behintzat kritikak diren heinean, norbere bizitzara eramatea. Eta orduan, horiekin konpromisoa hartu eta gero, agian egin dezakegula zerbait artistikoa zirrikitu horiekin, zintzotasunez. Zerbait baldin badago desagradablea eszenan antzezten duenarentzat —eta egin izan dudalako diot—, hori da irakaspenak ematen ibiltzea momentuko “iraultzaren TOP10an” dagoen gai baten inguruan. Antzokian argiztatuta dagoen aldeak “gure errealitatea da benetakoa dena eta horrelakoak izan beharko genuke” erakustea argiztatu gabe dagoen aldeari, teatro burgesaren oinarria izan da betidanik. Ez da erraza hori ez egitea, eta hobe patxadaz hartzea lezioak emateko dugun sen hau. Baina zintzotasuna, uko egitea eta kargu egitea, hori da geratzen zaiguna zerbait “iraultzailea” egin nahi badugu. Onartzen nabil agian norbaitek antzezlan hau jaso eta gorrota dezakeela ere, edo hutsuneek eragingo diotela gehiago bertuteek baino. Beste min batzuetatik abiatuta, beste zerbait “harago doana” egingo duela agertutako galderekin.
Promesarik txikiena antzezlanarekin zintzotasunez sortu dugunaren sentsazio goxoa dut, eta infinituki eskertuta nago taldeari. Ez nukeen sekula horrela imajinatuko, baina sormen prozesu baten hasieran “Zein da zure desio sakona?” galdetzen baduzu, eta mundu guztiak “Kantatzea eta dantzatzea” erantzuten badu, ba horixe. Plazerik eta arriskurik gabe, nora joango gara ba? Sekula horrela imajinatuko ez nukeen arren, prozesuan gauden denon arteko eta aldi berean denongatik at dagoen zerbait sortzea opari handia da. Gutaz bakarrik hitz egiten ez duena gugandik atera den arren. Promesaren dramaturgia antzerako bat esperimentatu dugula esango nuke: dagoenaren eta konjuruaren artean ibili gara, nola esan, badena eta izan daitekeenaren artean. Poz, min eta nahi, baina baita ere kritika, ezintasun eta ausentziekin konprometitzen saiatzen dena. “Saiatu” diot, bai, ze lehen esan bezala, gehiago izaten baitira zabaldutako zirrikituak, denontzat berdin balio duten erantzun trinkoak baino.
Promesa batek ez digu inoiz dena ulertaraziko edo ez gaitu salbatuko. Konjuru bat den heinean, ulertezinarekin eta ezintasunekin erlazionatzeko tresna bat da. Promesa batek gure atal bat jarriko du orainean eta beste bat etortzeke dagoenean. Eta hara non: ezin da jakin, zehazki, herrenaren promesan zein puntu zehatzetan eroriko den pausoa. Anatomia espezifiko batez ari naiz: elkarrekin modu traketsean eta intentsuan kolaboratu behar duten erdizkako ehunak. Promesaren anatomia iradokitzailea eta sexya, aldaken zalantza-balantza inperfektu bat bezala.
Azken urteetan asko nabil harriei eta urari begira, eta protagonista bezala bizi ez ditudan egoerei nola begiratu ezin jakinda. Izan gizakiei edota gizaki ez direnei gertatutakoak. Badago hor zerbait, ahots bat, dioena: dagoena badago, ez asmatu beste istorio edo iragarpen bat, gero sistemaren hutsuneak non dauden publiko egingo duena. Asmatu gabe ere istorio ugari badago.
Ulertzen nabil promesa ez dela ilusio bat edo ideal bat eszenaratzea, gero erraietatik leherrarazteko. Promesa da zer egiten duzun, edo zer egiteari uzten diozun dagoenarekin. Promesa ez da sistemaren zirrikitu batetik sartzen den esperantzarako argi zuri bat bidea erakutsiko diguna, promesa zirrikitu horretatik begiratzea da.
Ados, ba ez dakit nola egiten den hau, baina egingo dugu elkarrekin.
Printzipioz, hitz hauek dagoena eta ez dagoena jasotzen dutela konfiatuko dut. Bertigoa ematen dit irakurri duzun momentuan zurekin egoteak, hitz hauek beste hitz batzuekin estaltzen. Baina alai gaudenetan etxetik paseatzen dugun biluztasuna bezalakoak iruditzen zaizkit, bat-batekoak, zintzoak, bitxiak, irribarre txiki bat ateratzen dutenak.
Pentsatzen nabil antzerki lan hauek hemen jasotzea hein batean harri bihurtzea izan dela, zentzurik onenean. Paisaiaren parte izatera pasatzeko aukera eman diegu. Norbaitek irakur ditzan dagoena bezala, nik harriei begiratzen diedan bezalaxe.