
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Dramak biderkatu, Danele Sarriugarte
ERRESISTENTZIA ARAZO FISIKOA DA
5. Informe I: Ingreso por deambulación
PROMESA BERDINA EGIN DIEGU LAGUN GUZTIEI
4. Zergatik zaude haserre? (I)
5. Bizitza lagunak galtzen joango garela onartzea da
6. Zergatik zaude haserre? (II)
7. Itxi begiak gure urtebetetzean
9. Talde politak osatzen ditugu
2. Has gaitezke elkarri kopiatzen
8. Laguntasuna defentsa basati bat da
9. “Hemen egongo baigera beti”
10. Hilotzak bihotzean etzanda
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Dramak biderkatu, Danele Sarriugarte
ERRESISTENTZIA ARAZO FISIKOA DA
5. Informe I: Ingreso por deambulación
PROMESA BERDINA EGIN DIEGU LAGUN GUZTIEI
4. Zergatik zaude haserre? (I)
5. Bizitza lagunak galtzen joango garela onartzea da
6. Zergatik zaude haserre? (II)
7. Itxi begiak gure urtebetetzean
9. Talde politak osatzen ditugu
2. Has gaitezke elkarri kopiatzen
8. Laguntasuna defentsa basati bat da
9. “Hemen egongo baigera beti”
10. Hilotzak bihotzean etzanda
1. IBILTZEAREN KARTOGRAFIA
(Argi gorri txiki bat pizten da eszenaren alde batean dagoen aterpean. Aterpea tramankulu ezezagun bat estaltzen duen izara batekin eraikita dago. Ahots bat entzuten da, intimoa.)
Hamalau hilabeterekin oinez ibiltzen ikasi nuen Zumaian, hondartzan. Putzuzulotan.
Eta hiru urterekin etxeko pasilloan.
Eta bost urterekin eskolako patioan, eta hondartzan,
maxieroskiko karro batean,
aman kotxean, mendi martxa batean,
igerileku hartan,
bus parada batean.
(Argi gorria intermitente bihurtzen da.)
Ibiltzeari utzi behar izan nion eskolako patioan, eta futbolean,
eta beste mendi bateko beste mendi martxa batean, ospitale berean,
etxeko portalean
eta kontsultako aulki hotz hartan.
(Intermitentzia amaitzen da. Argi gorria.)
Eta ibiltzen ikasi nuen berriz,
institutuko eskaileretan,
beste herrialde batean,
kanpin denda batean, cunnilingus hartan,
kirurgiako mahai batean,
zoriontasunaren pastillatxotan
eta bizikleta ezberdin batean.
(Argi gorriaren intermitentzia, oraingoan azkarrago.)
Ibiltzeari uzten nion
saiakera luzeetan,
komun zuloetan,
eskaparateetako isladan,
eta mendi tontor berean,
gurasoen diru-laguntzetan,
bainera bero batean.
(Intermitentziaren amaiera. Argi gorria.)
Eta ibiltzen ikasi nuen berriz
lagunen gurpil aulkitan,
txokolatezko gosari batean,
manifestazio okerretan,
eskaner batean,
espazio-ontzi batean,
lasterketa batean
eta maitaleen aldaketan.
(Argi gorriaren intermitentzia, oraingoan are azkarrago.)
Ibiltzeari utzi nion.
Mesfidantzazko begiradetan,
garaipen profesionaletan,
urtebetetze festa batean,
whiski batean,
burdinazko tiobibo hartan.
(Intermitentziaren amaiera. Argi gorria.)
Eta berriz ere ibiltzen ikasi nuen, hogeita sei urterekin, ospitaleko eskailerak jaitsi eta zigarro bat erre ahal izateko. Oraingoan bai, hau grabatuta dago. Lehenengo pausoak grabatzea modan zegoen txikia nintzenean, vhs formatuan, baina nireak ez daude grabatuta, nonbait memoriak ezabatu egin ditu. Ba hori, hogeita sei urtetakoak dokumentatuta daude. Eta? Ba barrez agertzen naizela. Grazia egin zidan aita kamera eskuan ikusteak gaizki enfokatzen.
(Aterpe gorrian, gorputz atalen ilusio optiko desenfokatuak. Norbaiten itzala agertzen da bizkarrez, eserita.)
E... mmm... beno, aitorpen txiki bat egin behar dizuet. Engantxatuta nago. Engantxatuta nago ibiltzen ikasi behar dudan aldiro memoria ariketak egitera. Prozedura sinplea da. Aterpe bat bilatu, begiak itxi eta azalean barneratzen hasten naiz:
(Argi gorria desagertzen doa apurka-apurka, itzala inguratzen duen aura gorri moduko batean geratu arte.)
dermis,
epidermis,
hipodermis,
gantza,
muskulua,
gantza,
faszia.
Organo batean instalatu arte. Adibidez, ezkerreko aldaka protesikoan.
(Argi gorria itzali egiten da.)