Herrenaren promesak
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua
Azaleko irudia: Maider Leturiaga
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
142 orrialde
978-84-19570-52-9
Maite Aizpurua
1990, Zumaia
 
 

 

6. PROMESAK

 

(Interpreteak korrika-makina muntatzen du. Hortzartean, “Labezomorro, ezin dala ibili”[1] abestia kantatzen du, adeitsu. Makina entxufatzean lehenengo “piiii” hotsa entzuten da.)

 

Makina hau, perfekzioaren promesa da.

Informe hori, debekuz betetako promesa tentagarria da.

Zapatila horiek, abiaduraren promesa dira.

Gorputz herren hau, edozein momentutan normal ibiltzeko promesa da.

 

(“Start” botoi berdeari ematen dio eta zinta martxan jartzen da. Argi kolpea. Mozarten biolinerako 3. kontzertua entzuten da, technogym ukituekin. Trantzean sartzen da, errebelazio batek jota bezala. Dantza geldo baten bitartez, zapatilak eskuan hartzen ditu objektu preziatu bat bailiran.)

 

Kuriosoak dira. Promesak.

Egonezina sortzen dute. Promesak.

Beldurgarriak dira. Kafkaren metamorfosia bezala, edozertan transformatu, materializa daitezke: apustu bat, begirada konprometitu bat, ganbaran izara azpian ahaztutako trepeta zahar bat, errehabilitazio makina bat.

 

(Lurrean dagoen artxiboa hartzen du esku artean eta adi begiratzen du.)

 

Zein momentutan hasten da promesa bat materia bihurtzen?

Zenbateraino da normaltasuna promesa hutsa?

Noiz bihurtzen da arazo fisiko bat?

Zenbat entrenatu behar da gezur bat egi(a) bihurtzeko?

 

(Korrika-makinaren interfazetik soka bat ateratzen du kako batekin eta artxiboari lotzen dio. Artxiboa martxan dabilen zintaren gainean jartzen du, korrika egiten den leku berean. Karpeta eta zintaren arteko marruskadurak soinu desatsegina sortzen du. Heldulekuan dagoen izara hartu eta lurrean etzaten da. Pikardiaz begiratzen dio korrikalariaren lekuan dagoen artxiboari. Izarapean ezkutatzen da.)

 

 

 

[1] Pica-Pica-ren “La cucaracha ya no puede caminar” (El patio de mi casa, 2012) haur abestiaren euskarazko moldaketa propioa abesten da antzezlanean. Oinarritzat hartzen da abestiaren lehen bertsoa: “La cucaracha, la cucaracha / Ya no puede caminar / Porque no tiene, porque le falta / Una pata para andar.”