Herrenaren promesak
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua
Azaleko irudia: Maider Leturiaga
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
142 orrialde
978-84-19570-52-9
Maite Aizpurua
1990, Zumaia
 
 

 

1. ESKERRAK ETORRI ZARETEN

 

(Publikoa antzokira sartu da, bidea markatzen duten zinta gorriko zutoinen artetik. Dena normal dago, emanaldien aurretik egoten den moduan. Ospakizunen aurretik egoten den moduan.

 

Roomba aspiragailua eszenatokian dabil atzera eta aurrera, bere kasa.

 

Eszenatokiaren albo batean, museoetako peana bat, hutsik. Zinta gorriko bi zutoinek babesten dute.

 

Argiak itzaltzen dira. Norbait sartzen da ilunpetan. Ilun jantzita doa, eta dir-dir egiten duten zintzilikarioekin. Baliteke enkaputxatuta egotea. Ahots distortsionatuz hitz egingo du. Objektu estrainio dirdiratsu bat dakar eskuan, formak galduta dituen esfera bat.

 

Roomba gelditu egiten da.)

 

lagun ezkutua: Kuku… Hor zaudete? A, bai, eskerrak etorri zareten, ez dakizue zenbat pozten naizen. Jende asko gonbidatu dut, badaezpada, ze inoiz ez da jakiten... Norekin etorri zarete? Bakarrik? Lagun batekin? Gonbidatu duzue zuek ere beste norbait gaurkora? Ez esan, ez esan, joango gara elkar ezagutzen.

            Ba. Kaixo, ni lagun ezkutua naiz, ospakizun honen antolatzailea. Etortzea erabaki duzuenez, kontatuko dizuet: gaur, hemen, elkarrekin plan bat daukagu. Zuek eta gu lagunak izatera jolastuko gara. Oraindik ezin duzue ikusi, baina egun osoa daramagu antzokia txukuntzen. Eta garrantzitsuena, fikzioan gu denon lagunak izateko prest dauden lau pertsona gonbidatu ditut jolastera. Ze, gogotsu ezagutzeko? Itxaron, pazientzia, laguntasunak bere denbora behar du.

            Hau dena Ermuan hasi zen. Behin, pasieran nenbilela, pintada bat ikusi nuen, jartzen zuena, “aspertuta nago, lagunak behar ditut”, telefono zenbaki batekin. Eta pentsatu nuen nik ere zerbait epikoa egin behar nuela nire egonezinarekin. Zirt edo zart. Norbere urtebetetzea antolatzen hasten garenean bezala, bakarrik ez geratzeko.

            Batzuetan alkimista izan nahiko nuke, esku artean dudan hau desagerrarazi edo formula perfektua bilatu, denok denon lagunak izateko, betirako. Ai...

 

(Isildu egiten da tarte batez.)

 

      Hor zaudete… entzuten zait, ezta? Bai, barkatu... batzuetan ahaztu egiten zait, isilik egon arren, hor zaudetela.

            Lagun ezkutua naiz eta nire zauria ez ikusia izatea da. Ze ni, zuek jakin ez arren, zuengan pentsatzen ari naiz beti. Lasai, honekin esan nahi dudana da: ez da erraza opari hau zuei eskaintzea, horrela, itsu-itsuan, jakin gabe ea onartuko duzuen, nola bukatuko duen honek. Jakinda, ezin diogula elkarri promesa handirik egin.

 

(lagun ezkutuak esku artean duen bola dirdiratsua mugitzen du.)

 

      Baina ez dakit beste modu batera egiten, Aristoteles bezalakoa naiz, oportunista. Lagunak ikusten ditut aukera dagoen bakoitzean: auzokoa, lankidea, mañaneoan ezagutu dudana, portalekoa, zapataria, nire exa, spinningekoa, ezagun ezezagunak… Eta orain, zuek. Keinua erraza da, txikitan egiten genuen bezala. Hurbildu eta, galdetu: kaixo, zer moduz?

            Bai, badakit harremanek irauteko misterio pixka bat behar dutela. Ez dagoela ondo ikusia hasieratik esatea: “zure laguna izan nahi dut”. Baina niri sexya iruditzen zait zintzotasuna. Besterik gabe, jendea gonbidatzen dut, akonpainatuta egoteko. Lagunartea ez dadin izan gutxi batzuen pribilegioa. Ni, ilunpe honetan konpanian sentitzen naiz, ez dakit zuek.

            Ai… barkatu, entzuten zaudetenez luzatu egin naiz, askotan gertatzen zait.

 

(lagun ezkutuak peanan uzten du esfera dirdiratsua.)

 

      Zain egongo zarete honezkero. Gustura egoten da anonimotasunean, ezta? Iritsi da momentua. Gure gaurko lagunak aurkezten dizkizuet. Ez jarri exquisito, adin batetik aurrera ezin da hain selektiboa izan. Eta ez dakigula nondik hasi? Hasi besterik ez dugu egin behar. Eta ez dakigula nola? Ba has gaitezke elkarri kopiatzen.

 

      Ahaztu baino lehen,

      hau hemen uzten dizuet.

      Eskerrik asko etortzeagatik eta ongi etorri

      laguntasunaren ospakizun kritiko honetara,

      eta presta zaitezte,

      presta zaitezte jokorako,

      pozerako berriz,

      eta presta zaitezte dezepziorako.

      Bazatozte gurekin?