Herrenaren promesak
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua
Azaleko irudia: Maider Leturiaga
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
142 orrialde
978-84-19570-52-9
Maite Aizpurua
1990, Zumaia
 
 

 

4. TRAIZIOA

 

(maiak istorioa kontatuko du eta zutoin banatzaileak baliatuko ditu eszenan, pertsonen arteko harremanak eta ekintzak adierazteko. Besteek, asistentzia lanak burutuko dituzte adi entzuten duten bitartean.)

 

maia: Ba dena hasi zen maitemintze batekin. Lagun berri bat ezagutzen duzunean gertatzen den maitemintze hori.

maiti: Baina bakarrik… lagunak?

maia: Bai, bai, lagun minak. Konexio totala.

denak: Oooo!

maia: Demagun K deitzen zela.

ana: K?

maia: Bai. K punto… Ba K.-k eta biok hiru urte zoragarri pasa genituen. Leku guztietara batera, elkarri dena kontatuz, hilekoa sinkronizatu zitzaigun, badakizue...

 

(Bihotz itxurako diban gorri bat ateratzen dute eszenara.)

 

ixa: Uau, kristoren konexioa.

maia: Baina egun batetik bestera… bat-batean… planak proposatzen nizkionean: “Aizu, joan nahiko zenuke lodifobiari buruzko hitzaldi honetara?”. Berak: (Ironiaz) “Ala! Ze interesgarria!”.

maiti (suminduta): Ez… Benetan?

maia: Bai, bai, ez zuen erraten: 17:00etan plazan. Erraten zuen: ala! ze interesgarria! punto.

denak: Aix…

maia: Eta nik berriro: “Maitea, hondartza plana eta bokata bazkaldu?”. Berak: “Bale”.

maiti: Zenbat “e” amaieran, bi edo hiru?

maia: Uste dut bakarra. “Bale” eta punto.

ana: Ufff…

maia: “Palatan aritzeko gogorik bai?”. Berak: “Ona!”.

denak: Eta punto.

maia: Eta punto. Noski, hor jadanik patroia detektatuta nuen. Beraz, esperimentu bat balitz moduan, bere proposamenen zain egotea erabaki nuen. Pasa zen hilabete bat, bi, lau, urte eta erdi. Ba jakin nuen… lagun berri bat zuela. Beste “lagun” bat... demagun, “L”.

ixa: Uau!

denak: Klasikoa…

maia: Eta ni nahiko bakarrik nintzen. Herritik beste leku batera bizitzen joatea erabaki nuen eta pisu bila hasi nintzen. Eta topatu nuen azkenean Iruñean. Hi-rekin.

maiti: Ze H.I.?

ixa: Hi punto.

maiti: A, Hi…

ana: Ez, Hi. Punto.

maia: Oso gustura. Lagunak egin ginen eta hainbat gauza egiten genuen elkarrekin, oso ongi. Bazuen bikotekide misteriotsu bat inoiz ez zuena etxera ekartzen baina bestela, giro bikaina. Eta egun batean, K.-ren mezu bat:

maiti (sinesgaitz): Ez…

maia: Bai! “Kaixo aspaldiko! Gogoa zenuke kafe batendako arratsaldean?”.

ana: Ez zinen geratu, ezta?

maia: Bai. Eta ni harrituta… baina poz-pozik joan nintzen. Elkar aktualizatzen amaitu aurretik, bat-batean esaten dit, “begira, deitu dizut ze zure laguntza behar dut: egoera bortitz bat izan dut eta legalki zer egin dezakedan jakin nahi dut”.

ixa: Zer?

maia: Eta nik esan nion: “A, nire laguntza behar duzulako deitu didazu?”.

maiti: Klaro, ondo egina!

maia: Eta erantzun zidan: “Ba, Hi-k esan dit zuk antzeko egoera bat izan zenuela eta zuri galdetzeko”...

ana: Hi puntok?

maia: Ez… PUTO Hi-k! Hi nire pisukidearen nobia zen!!!

ana: L eta Hi pertsona bera ziren!

maia: Horregatik ez zen inoiz gure etxera etortzen! Eta hor esan nion: “Begira, ez zara lagun ona izan!”.