Herrenaren promesak
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua
Azaleko irudia: Maider Leturiaga
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
142 orrialde
978-84-19570-52-9
Maite Aizpurua
1990, Zumaia
 
 

 

5. BIZITZA LAGUNAK GALTZEN
JOANGO GARELA ONARTZEA DA

 

intza: Laguntasuna ezin da simetrikoa izan.

 

(Zinta bat askatzen du eta pasa egiten da zutoinen artetik.)

 

maite: Laguntasuna ezin da demokratikoa izan.

 

(maitek beste aldeko zinta askatzen du, pasa egiten da zutoinen artetik. Dagoeneko ez dago zutoinik elkarri lotuta. Hutsunea agertzen da.)

 

maite: Adibidez, nor gonbidatzen da urtebetetze festa batera eta nor ez?

intza: Ostia!

 

(Zutoin biluziak begiratzen dituzte tarte batez.)

 

maite: Hemen zerbait zegoen eraikia, gure artean… Ze momentutan joan da dena pikutara?

intza: Eta orain? Nork konponduko du hau?

maite: Nik? Berak?

 

(Publikoarengana jotzen dute.)

 

maite: Ea ba, zer pentsatzen duzu honi buruz? Bai, zuk!

intza: Edo berak! Edo berak! Eman dezala hemen orain mundu guztiak iritzia!

maite: Adin batetik aurrera, ezin da hain selektiboa izan. Zehazki, hogeita bost urtetatik aurrera.

 

(Iragarki batean bezala jartzen dira. Argi intermitenteak hasten dira hondoan.)

 

maite: Laguntasuna gertarazi egin behar da. Lagunak egin behar dira: arrantzatu, birkokatu, sekuestratu edo ahaztu. Teoria praktiko bat daukat. Entzun temazo hau!

 

(Pop elektroniko galaktikoa entzuten da: Yours. King Gizzar and the Lizard Wizard.

 

Zutoinekin dantza bat hasten dute. Hemendik aurrera, zutoinekin espazioan forma geometrikoak egingo dituzte, laguntasunaren gainean dituzten teoriak azaltzeko.

 

maite erronbo baten barnean geratzen da.)

 

maite: Gutako bakoitzak bizitzako etapa bakoitzetik pertsona bat gordeko balu, heldutasunean lau lagun izango genituzke seinaleak ematen dituztenak. Seinaleak, bai, hodeia ez baita existitzen, lagunak nonbaiten daude edo ez daude.

            Lau horietatik bik, plaza fijoa dute, funtzionarioak dira, edozein desgrazia edo zorion konpartitzeko modukoak, beti. Urrun egon arren hor daudenak, beti. Pentsatu segundo batez, badaukazue argi zein diren pertsona horiek? Zalantzarik? Interferentziarik? Bikotekide infiltraturik? Familia hautaturik agian? Ados, aurrera.

 

(Laukizuzen luzea eraikitzen dute zutoinekin, Haien artetik igaroko dira, infinitu baten traza jarraituz.)

 

maite: Esan bezala bi funtzionario, eta beste biak interinoak. Sistema hau ziklikoa da: tarteka, interinoetako batek bikotekidea botatzen du eta besteak soldatapeko lan finkoa lortu du, eta zure depresioa aguantatzeari uzten diote eta nukleotik ateratzen dira, beren kabuz. Orduan, kontua da, sistemak funtzionatzen jarraitzeko, hutsuneak betetzeko, planak egiten hasten garela, batez ere udaberrian, gaur kontzertu bat, konzentra bat, baby shower festa bat, Leninen 100. urtebetetzea ospatzeko kongresu bat… eta konturatu gabe laukotea zortzikote eta zortzikotea infinitu lagun bat bihurtzen da. Hori da Intza, jarraitu unibertsoaren fluxua!

            Eta laguntasunaren momenturik arrakastatsuenean, topera zaudenean, flotatzen lasai like a fucking queer unibertsoaren erdian, eurovisioneko hamabi puntuak ematen dizkizutenean lagunik erakargarrienari, justu momentu horretan, zirkulatzeari uzten diozu, eta seinaleak emateari, eta konprometitzeari...

 

(intza gelditu egiten da eta alde banatara binaka jartzen dituzte zutoinak, ondoren bi muga jartzeko.)

 

maite: Eta birekin bakarrik geratzen zara, hurbiltzen den guztiari muga bat jartzen. Nou Lenin, nou pesta, nou patxaran.

 

(maitek zintarekin muga bat jartzen dio intzari eta ez dio bere espazioan sartzen uzten. Diskotekako argiak eta musika bat-batean gelditzen dira. intzak ere muga bat eraiki eta bestaldean jartzen da.)

 

maite: Ezin da mundu guztia zaindu. Eta noski, besteek ere haien langak jartzen dituzte.

            Hortik kanpo, hogeita bost urtetatik aurrera, hutsune handi bat zabaltzen da. Hor daude lagun galduak, ezagun ezezagunak, nahi zenukeen arren izango ez direnak eta mamuak. Adibidez, zuek izan zaitezkete gure lagunak, edo gure mamuak.

 

intza: Orduan, zurea eta nirea ez da betirako?

maite: Poeta ezagun batek dioen bezala bizitza lagunak galtzen joango zarela onartzea da.

intza: Orduan, bietako bat ez da bestearen hiletara joango?