Herrenaren promesak
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua
Azaleko irudia: Maider Leturiaga
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
142 orrialde
978-84-19570-52-9
Maite Aizpurua
1990, Zumaia
 
 

 

16. NEURRIKO INTERBENTZIOA

 

(lagun ezkutuak publikoari hitz egiten dio. Ahots distortsionatua.)

 

lagun ezkutua: Batzuetan, batzu…

 

(Distortsio sistemaren akats bategatik lagun ezkutuaren ahotsa den bezalakoa entzuten da. Gero, zuzendu egiten da eta ahotsa distortsionatuta entzuten da berriz.)

 

lagun ezkutua: Ba... orain bai. Batzuetan errazagoa da gauzak eszenatoki batean esatea, edo ezagutu berri dituzun batzuei esatea, lagun bati baino. Errazagoa da beste ahots bat erabiltzea, esateko, aspertuta nago, edo, ez nuen hau espero, edo, hor zaude? Hor zaudete?

            Honekin hasi ginenean, (Dibanaren ertzean esertzen den bitartean) benetan sinisten genuen. Hooliganak ginen, harro. Liburuak, pelikulak, irratsaioak, modako gai berria bihurtu genuen laguntasuna. Eta gero antzerki hau. Guk ospatu nahi genuen jende askorekin, salbazio bide berri bat genuela, kapitalismo eta politika hitzak erabili eta ondo pasa aldi berean, laguntasunari merezi zuen aldaretxoa eskaini…

            Dena eskatu diogu laguntasunari, familia bat, justuak izatea, maitale askeak, ez apurtzea inoiz... Gure hezurrak irudikatu ditugu elkarren ondoan, Romea eta Julieto, bataren esternoia bestearen aldaka zanpatzen. Den-dena eskatu diogu, bizilagun atseginak izatea, komunitate bat denontzat, bakardadetik salbatzea... Eta begira, nik behintzat hemen bukatu dut, presentzia estrainio baten konpainian, katuekin bizi diren bollerak bezala.

 

(lagun ezkutuak esfera dirdiratsua laztantzen du. Ondoren, ziurtasunez jaiki eta aurrerantz joaten da publikoari hitz egiteko.)

 

      Lagun ezkutua naiz, eta nire zauria ez ikusia izatea da. Gaur, arratsalde honetan, hemen egongo ez banintz, hau egiten, nor egongo litzateke nirekin? Zuek? Igande arratsalde batean? Jakinda, alboko herrian, modako kontzertua dagoela? Eta abuztuko egunetan? Zuek? Zer da promesa bat, e? Objektu estrainio bat? Formarik gabe dir-dir egiten duen egia posible bat? Zer da? Isilpeko soinu banda bat?

            Laguntasuna zer den pentsatzen jarri, eta hau dena eginda ere, oraindik lagun ona eta lagun txarra zer den bereizten jarraitzen dut. Enfin. Hainbeste teoria eta buelta eman eta begira, mobidak berak hitz egin du, bere kabuz.

 

(Roomba eszenatokiaren alde batetik bestera igarotzen hasten da, astiro. Roombak lagun ezkutuarekin tupust egiten du. Eta gero, norabidez aldatu eta bere bidea jarraitzen du. lagun ezkutuak negarrari ematen dio besoetako ume baten antzera.)

 

lagun ezkutua (roombari): E? Roombi? Zer diozu zuk bueltaka ibiltzearen inguruan? Zu ere bazatoz eta bazoaz, ezta? (Desesperatuta) Nora zoaz? Zoaz...

 

(Taldea sartzen da. Azken abestirako prest datoz: gogotsu eta soinean teloiaren antzekoa den kamiseta dirdiratsu beltz batekin.

Eszenatokia jasotzen hasten dira: barak jaisten dituzte eta teloia askatzen hasten dira, zutoinak askatu eta alboetan jartzen dituzte.

lagun ezkutua ohartzen da horretaz, baina mainak egiten jarraitzen du.)

 

lagun ezkutua: Ze, lagunak aukeratu al daitezke? Edo bere kabuz datoz? Eta edonola ere, ez badira zuk uste genuena, eta, hala ere, baldin badira? Nola jarraitu elkarren alboan? Nola izan?

 

(Esfera hartzen du eta publikoari pasatzen saiatzen da.)

 

      Baina norengatik egiten dugun hau? Gugatik? Herriarengatik? Lagunak behar dituzten pertsonengatik? Hau dena egin dut esateko, adibidez... (publikoko pertsona bat aukeratuz) zuri! Bai, zu! Esateko... faltan botatzen zaitudala?

 

(Taldekide bat geldiarazten saiatzen da, eta eskuetatik hartzen dio esfera. lagun ezkutuak berehala poltsikoetatik zerbait ateratzen du.)

 

      Begira, kalkomania batzuk eta dena genituen prestatuta denontzat, infinitua elkarrekin tatuatzeko... Eta orain, ezer ez da berdin... Eta laguntasuna pikutara botatzen badugu? E? Pikutara klub selektoak!

 

(Kalkomaniak publikora jaurtitzen ditu.)

 

      Eta agian beste harreman mota batzuekin beste ospakizun bat egingo bagenu?

 

(Taldekide bat jasotzen ari den zutoina hartu eta eszenaren erdian jarri eta seinalatu egiten du.)

 

      Tatxan! “Kide-tasun”, konpai-tasun, auzo-lagun… Auzolanera denak, ba! Egingo dugu komuna bat?... Sekta bat, ondo? Koro bat? Eta kantatuko dugu, denak batera... “Viva la gente, la hay donde quiera que vas...”[8]

 

(lagun ezkutua abesten hasten da eldarnioak jota eta besteak animatzen ditu kantatzera. Besteak maitekiro saiatzen dira jarraitzen. Zutoina bere lekura eraman eta roomba gelditu eta jasotzen dute.)

 

ixa: Maite, kito.

 

(lagun ezkutua errenditu egiten da eta lehertuta atseden hartzen du dibanean.)

 

ixa: Kito.

lagun ezkutua (kanta marmarrean): Saiatzen naiz...[9] Agian pasatu egin gara honekin guztiarekin... baina opari bat opari bat da. Bihotza lapurtu nahi izan dizuegu.

ixa: Zein da lagun bati egin diozuen azken oparia, e? Benetako oparia? Ba hori. Detaileak inportanteak dira. Guk dena al detalle genuen prestatuta gaurkorako.

maia: Badakigu, momentu honetan zuen lagunengan pentsatzen ari zaretela, gugan beharrean. Barkatzen dizuegu. Zeren, gaur, hemendik irtendakoan, gutako bakar bat ekintzara pasatzen bada, adibidez, telefonoa hatu eta aspalditik bidaltzeke zeukan mezu hura bidaltzen badio lagun bati, gehiegikeria honek guztiak merezi du. Edo hobeto, bihar, orain arte ausartu ez zareten norbaiti, “kaixo” esaten badiozue, ba abesti hauek zentzua izango dute.

ana: Orain...

 

(Mikrotik hitz egiten du anak, ahotsa distortsionatuta agertzen da. Gero, ahotsa distortsiorik gabe entzuten da.)

 

ana: …orain bai, eskatuko dizuegu, elkarri atzamar txikitik eusteko, hori da, sardana bat dantzatu beharko bagenu bezala.

 

(Jendea kokatu zain geratzen dira lagunak. Publikoari begira geratzen dira. Gitarran akorde bat jotzen du anak)

 

ana: Kuriosoa, talde politak osatzen ditugu, ezta? Eskertzen dizuegu saiatzea, rolloa segitzea.

 

(Abesti ezezagun baten introa jotzen hasten da ana.)

 

maiti: Inozentziaz begiratzen diet elkarrekin abesti bat asmatu eta arratsalde batez behin eta berriz abestea nahikoa ziren garai haiei.

denak (ahotsak nahastuta eta distortsionatuta): Hau ez da bec, hau Berastegi da, eta gu lagun talde baten bertsioa izan gara. Ez gara gure bertsiorik onena eta ez gara izango, baina saiatuko gara elkarrekin abestu dezakegun zerbait egiten. Brilli-brilli egiten. Entzun temazo hau.

 

 

 

[8] Up with People abestia izen bera zeraman fundazioak kaleratu zuen 1965ean, Denverren (Estatu Batuak). Abestia Enrique eta Ana bikote artistikoak egin zuen ezagun gaztelaniadun herrialdeetan, Viva la gente izeneko bertsioarekin.  Abestia lehen aldiz “Para nuestros amigos” (1982)  izeneko diskoan argitaratu zen.

[9] Merina Gris taldearen “Saiatzen naiz” abestiaren leloari egiten dio erreferentzia. Abesti hau 2022an argitaratu zuten “Zerua Orain” (Airaka, 2022) albumean.