
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Dramak biderkatu, Danele Sarriugarte
ERRESISTENTZIA ARAZO FISIKOA DA
5. Informe I: Ingreso por deambulación
PROMESA BERDINA EGIN DIEGU LAGUN GUZTIEI
4. Zergatik zaude haserre? (I)
5. Bizitza lagunak galtzen joango garela onartzea da
6. Zergatik zaude haserre? (II)
7. Itxi begiak gure urtebetetzean
9. Talde politak osatzen ditugu
2. Has gaitezke elkarri kopiatzen
8. Laguntasuna defentsa basati bat da
9. “Hemen egongo baigera beti”
10. Hilotzak bihotzean etzanda
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Dramak biderkatu, Danele Sarriugarte
ERRESISTENTZIA ARAZO FISIKOA DA
5. Informe I: Ingreso por deambulación
PROMESA BERDINA EGIN DIEGU LAGUN GUZTIEI
4. Zergatik zaude haserre? (I)
5. Bizitza lagunak galtzen joango garela onartzea da
6. Zergatik zaude haserre? (II)
7. Itxi begiak gure urtebetetzean
9. Talde politak osatzen ditugu
2. Has gaitezke elkarri kopiatzen
8. Laguntasuna defentsa basati bat da
9. “Hemen egongo baigera beti”
10. Hilotzak bihotzean etzanda
7. GENESIA
(anak istorioa kontatuko du, gitarraz lagunduta. Giro onirikoa eta dirdira urdinezko argi printzak. Ur azpiaren soinua eta haurtzaroko igerilekuarena entzuten dira. Teloiaren atzean, aktoreek gorputz atalak agerrarazten dituzte eta teloia mugitu uhin baten modura.
Objektu estrainioak dir-dir egingo du uneren batean.)
ana: Hasieran, ura izan zen. Uda betea piszinan, eta flotadore arrosa urdinaren kontra. Entzun zintuztedan, ikusi aurretik. Oihu zoliak bestaldetik, ura txipli-txapla eta zuen buruak txandaka flotadorearen zulotik agertzen eta desagertzen. Entzun zintuztedan elkarri esaten kalipodefresa bat nahi zenutela gero, eta nik pentsatu nuen “zeini gustatzen zaio kalipodefresa”? Askoz hobea da limalimon. Uda betea zen auzoko piszinan, eta niri oraindik ez zitzaidan ura gehiegi gustatzen. Hurbiltzen nintzen ertzeraino nire bolantedun bainujantzi fosforitoarekin, begiratzen nuen hondoa, eta oso-oso sakonak iruditzen zitzaizkidan ur haiek.
Maitik esan zidan lehenengo gauza hau izan zen: “Erreta zaude”, eta nik esan nion lehenengo gauza izan zen: “Ya, ez dut kremarik eman”. Maiak esan zidan lehenengo gauza izan zen: “Zergatik ez zaude uretan?”. Eta nik esan nion lehenengo gauza izan zen: “Oso sakona da”. Ixak esan zidan lehenengo gauza izan zen: “Utziko dizugu flotadorea nahi baduzu”. Eta nik esan nion lehenengo gauza izan zen:“Bale”.
Uretan baino askoz lehenago sartu nintzen taldean.
Gure laguntasunaren hasiera da: meloi-zukua kokotsetik kolkoan behera joatea, azal despellejatua argi-zehar begiratzea, zuen gorputzetako zauri eta marka bakoitza buruz ikastea. Eta batez ere zuek, flotadore arrosa horretan txandaka flotatzen, like fucking queens.
Gure gorputzak orduko berberak dira: orain bakarrik ikus dezaket ze ederrak ginen orduan. Jainkosa txikiak izan gintezkeen bolantedun bainujantzi fosforito haiek jantzita. Betaurrekoak kopetan, lau begi urpean, “bota uztaiak eta guk hartuko ditugu!”, “benga, karrera!”, baietz Maiak gehiago hartu, baietz Maitik azkarrago, baietz Ixak bonba mortalarekin salto egin, bat falta zaizue, aber bi har ditzakezuen segido, ez dut ikusten non dagoen uztaia, nik hemendik ikus dezaket ba, tranpa egin duzu eta ez duzu bota, bai, bota dut, ez duzu bota.
Piszinaren ertz-ertzeraino eramaten nituen behatzak, uzkurtzen nituen ertzean, helduz bezala lurra, eta zuek nutriak zineten, ornitorrinkoak, izurde dirdiratsu eta labainkorrak, hortz bat, bi edo hiru faltan irribarretsu, Eufrosine, Talia eta Aglaia, hiru graziak, uretatik ateratzen zenuten lehenengo besoa uztaiekin, eta gero heltzen ziren zuen buruak, ia-ia aldi berean, flekilloa begietan pegatuta begiratzen zenuten alboetara neurtzeko lehenak ote zineten, eta hartzen zenuten arnasa berriro, hartzen zenuten arnasa lehenengoz bezala. Eta nik ere zuek bezala ikasi nahi izan nuen arnasa hartzen.
Lehenengo aldi hartan, eskailera askatu eta zuen eskuei helduta sartu nintzen gerriraino. Gogoan dut zuen ile bustia eta nire ile lehorra. Gogoan dut burua lehenengoz urpean sartu nuenean bat, bi eta hiru, eta gogoan dut lehenengo arnasa hura ur azalean berriro, eta zuen eskuak denbora guztian han.
Piszina hura zen gure mundu osoa, uda. Gero, nagusiagoak egin ginenean, beste batzuei utzi genien bertan sartzen, litroak egitera, pipak jatera, gauez kartetan jolastera, liatzera, follatzera. Baina ura beste bat zen jada. Ura beste bat da orain. Aspaldi da ez garela han elkartu. Zabaldu egin zaigu mundu hori. Edo desagertu.
Batzuetan pentsatzen dut piszina harengatik ez balitz beste batzuk izango ginatekeela. Beste beldur eta neke batzuk izango genituzkeela orain. Big Bangaren hasieraren hasierako atomoa da piszina hori: urdingune eternoa, irakaspen primordiala, arnasaren hasiera.