Herrenaren promesak
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua
Azaleko irudia: Maider Leturiaga
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
142 orrialde
978-84-19570-52-9
Maite Aizpurua
1990, Zumaia
 
 

 

11. KATRAMILA I

 

(maiti gorputzen artetik ateratzen saiatzen da. Lortzen du, baina beste inor ez da mugitzen.

Eszena osoan zehar, soinu bat entzungo da geroz eta intentsitate handiagoz.)

 

maiti: Aizue, nahikoa, ez? Ez zait gustatzen isiltasun bat dagoen aldiro nire gain uztea taldearen ardura. Aizue!

 

(Roomba gelditzera joaten da maiti.)

 

maia: Maiti! Ez dizut onartzen jostatzen ari garela rolloa moztea.

 

(maiak muga bat jartzen dio bi zutoin hartuta, eta dibanean etzaten da berriz ere.)

 

maiti: Baina bukatu da. Ez? Jokoak berea eman du. Gauzak agortzen direnean onartu egin behar da. Aldaketa behar da.

maia: Ba ez dizut onartzen jokoa agortu dela erabakitzea. Gu gustura gaude, bistan dena!

 

(maiak beste bi zutoinak hartu eta beste muga bat gehiago jartzen dio. Berriz ere dibanean etzaten da.)

 

maiti: Ados, ba beste konpainia bat bilatuko dut.

 

(Publikoko norbaitengana hurbiltzen da.)

 

maiti: Iepa!... Ui, zu... Sofia zinen, ezta?

ixa: Begira, barkatzen dizut bakarrik egoten ez jakitea.

maiti: Jeloskor jarri zara?

 

(Hemendik aurrera aktoreak katramila batean murgilduko dira eta zutoinak baliatuko dituzte horretarako. Jolas geometriko bat burutuko dute, taldea edota pertsona konkretuak bananduz edota elkartuz. Horrez gain, zintekin muga jartzearen eta barkatzearen ekintzak irudikatuko dituzte. Galderak, berriz, espazioa eta zutoinen desplazamendurako baliatuko dituzte.)

 

ixa: Jeloskor? Barkatzen dizut denaren zentroa zarela pentsatzea.

maiti: Hemen gaude niri okurritu zaidalako.

 

(ana eta maia dibanetik altxatzen dira asaldatuta.)

 

denak: Meh! Beno-beno…

maiti: Zer? Ez dizuet onartzen…

ana (maitiri): Haserre zaude? Jokoa gehiegi luzatu dugulako zaude haserre?

 

(maiti ihes egiten saiatzen da eta maiak jarraitu egiten dio.)

 

maia (maitiri): Ez dizut onartzen erritmo bat inposatzea.

maiti (maiari): Barkatzen dizut beti norbaiten ondotik ibili behar izatea.

maia (maitiri): Barkamenak ironikoki ez ditut onartzen.

ana (taldeari): Zergatik zaudete haserre? Egiak esaten hasi zaretelako?

maiti (anari): Ez diot onartzen ezer gertatu gabe hemen leporatzen hastea, jende honen guztiaren aurrean.

ana: Ni leporatzen?

ixa: Uuuuu!

ana (maiti eta maiari): Baina zergatik zaudete haserre? Esan nahi dut: ondo gaude, ez?

maia (anari): Ez dizut onartzen ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzea. Entzun duzu esan didana?

ana (maiari): Barkatzen dizut lasai egoteko drama behar izatea. Atzo gauza bera egin zenuen.

maia: Fffff...!

ixa (taldeari): Atzo? Atzo geratu zineten? Eta ez zenidaten abisatu?

maiti (ixari): Et, et, et! Ez dizut onartzen “ni parrandarako laguna naiz” esan eta gero, kexatzea ez dizugulako deitzen gure “mobidak kontatzeko.

 

(Beat soinua itzultzen da interferentzia gisa. Giroa estutzen joaten den heinean ozenagoa egingo da.)

 

maia (taldeari): Barkatzen dizuet ausartagoak ez izatea.

maiti (maiari): Denoi?

maia (bakoitzari banaka): Bai, bai, bai.

maiti (taldeari): Ea, orain zergatik gaude denok haserre, ez garelako uste genuena? Ez dugulako hipoteka bat elkarrekin hartuko? Edo mundu guztia gonbidatu dudalako gaur plan honetara? Sofia, kaixo!

ixa (maitiri): Ez dizut onartzen ez onartzea aldatu egin garela.

ana (taldeari): Ea, baina esango didazue zergatik gauden haserre? Benetan, ez dut ulertzen. Bikotekidearekin uzten duen aldiro berragertzen delako?

maiti: Ez dizut onartzen beti besteak jartzea apurutan.

ana: Baina niri? Edo berari?

maia (anari): Zuri! Ez dizut onartzen eztabaidaren tenore honetan elkarri oihu ez egitea.

ixa: Hori, hori...

ana (ixari): Ez zait gustatzen Telecincoko tertuliana baten moduan eztabaidatzea.

ixa (anari): Barkatzen dizut Sálvame inoiz ez ikusi izana.

ana: Hori ez barkatu.

ixa: Eta barkatzen dizut nire antza eduki nahi izatea.

maiti (taldeari): Epa, epa, epa! Ez dizuet onartzen, bostehun olatu feminista eta gero, konpetentzia heteroarekin hastea, pantojarena egiten[6] hastea eszenatoki baten gainean.

ixa (taldeari): Zergatik gaude haserre, ez daukagulako ezer komunean? Elkarrekin aspertu egiten garelako?

maia: Zergatik zaude haserre... ez duzulako olatu hau harrapatuko?

 

(maiak altuera batean jartzen du zintaren mutur bat. ixa saltoka saiatzen da harrapatzen.)

 

ixa: Gehiegikeria hau beharrezkoa da?

maiti: Gehiegikeria? Begira, hau biongatik!

 

(maiari konplizitate keinu bat egiten dio.)

 

maiti (ixa eta anari): Ez dizuegu onartzen esatea “Tori galtza hauek, seguru kabituko zaizkizula”.

 

(maiti eta maia harrotu egiten dira.)

 

maiti: Fux, fux, fux!

ana: Beno, baina barkatzen diguzue?

maia eta maiti: Bai.

 

(Giroa lasaitu egiten da, badirudi eztabaida bukatzera doala.)

 

maia (maitiri): Beno, nik erran behar dizut benetan onartu ezin dudan zerbait: nire anaiarekin larrua jotzea.

ixa eta ana: Ooooo...! Jujuju!

ixa (maiari): Horregatik ezin zara jeloskor jarri.

ana: Nik onartzen dut noizbait pentsatu dudala berarekin txortan egitea…

maiti (maiari): Ez duzu onartzen gehien maite zaituen pertsonak nire atzetik ibiltzea?

maia: Aizue, otoi, ulertu, familia familia da.

ana (maitiri): Nik barkatzen dizut dena.

ixa (anari): Justu dibertitzen hasten garenean cortarollos bat izatea, ez da onargarria!

maia (ixari): Nik ez dizut onartzen ni zentroa izanik eta denak tak, tak, tak, nire kontra direnean, hori jostatzea dela esatea.

ana: Egia: hori ez da onargarria.

maiti: Ezta niretzat ere.

 

(ixa karratu batean ixten dute.)

 

ixa: Nik ez dut hasi! Berak hasi du!

 

(maiti seinalatzen du.)

 

maiti: Nik?

ixa (taldeari): Tira, barkatzen dizuet ez jakitea nork hasi duen hau. Baina hasi egin duzue. Eta barkatzen dizuet batzuetan zuek hirurok bakarrik gelditzea, niri abisatu gabe. Zergatik zaudete haserre? Ez nauzuelako sekula negarrez ikusi, ez dudalako nire mierda zuekin elkarbanatzen? Hau benetan, zergatik da? Ez dugulako infinitua elkarrekin tatuatuko? Edo gure abestia dagoeneko ez delako gure abestia?

ana: Hori galdetu dut nik! Hori galdetu dut hasieratik baina gustatzen zaizue dena nahastea...

maia: Nik barkatzen dizuet batzuetan elkar ez ulertzea.

ixa: Nik gutxienez badakit haserretzen! Ba ikasi haserretzen!

denak (batera aldi berean): Zu hor zeundenean hasi zara esaten / ez ni han nengoen galdetu dudanean / zergatik zeundeten haserre / baina bera zegoen haserre, ez? / Ni? / Hor nengoenean bai baina gero ez / han zeunden galdetu duzunean, nori? Berari galdetu dio, niri?

 

(Keinuak eta ibilkerak leherkorrak eta biolentoak bihurtzen dira pixkanaka.)

 

norbaitek: Eee, helduak gara, kudeatu dezakegu!

 

(Taldea orbitazioaren mugimendua jarraitzen duen dantza batean hasten da. Izaki haserretu baten antzera mugitzen dira elkarrekin. Puzten doaz. Ballet biolento bat dirudite.)

 

 

 

[6] “Pantojarena egin” adierazpen kolokial / arrunt bat da, eta trapu zikinak publikoki ateratzeari egiten dio erreferentzia. Isabel Pantoja, Julian Muñoz eta  Maite Zaldibar protagonista gisa izan zituen korrupzio eta traizio istorioa eta honen telebistako iragarpen sentsazionalista du oinarrian.