Herrenaren promesak
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua
Azaleko irudia: Maider Leturiaga
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
142 orrialde
978-84-19570-52-9
Maite Aizpurua
1990, Zumaia
 
 

 

8. MEMORIA ARIKETAK

 

(Izara kentzen du astiro-astiro. Oroitzapenetan sartuta dago, makinari begira. Txosten medikoen artxiboa sokatik askatu eta zintatik labaintzen ikusten du. Arropa kentzen hasten da. Aldiro zintatik pasarazten du erantzitako geruza bakoitza, eta nola igarotzen diren begiratu. Besoetako haur handi bat dirudi, body zuri bat jantzita.)

 

Memoria hezurretan idazten da.

Memoria hezurretan idazten da.

Memoria hezurretan idazten da.

 

(Memoria ariketak egiten hasten da. Eskuekin gorputz atalei norabidea eman eta ondoren ibilerak probatzen ditu, lehen pausoak ematen direnean bezain zaurgarri. Makinarantz hurbiltzen da.)

 

Ez da erraza. Ez da erraza zuek denak begira ari zaretela, ipurdibistan memoria ariketak egitea. Ni, momentu honetan erregresio ariketa bat egiten ari naiz, eta momentu berean, zuek… (Eszenaren ertzerantz hurbildu eta hanka bat airean jartzen du) imajinazio ariketa bat egiten ari zarete.

 

(Ibilkera arrunta berrartzen du. Makinaren ertz batean zintzilik dagoen poltsatxotik korrikalarien galtzak atera eta jantzi egiten ditu, kolore bizikoak. Kolpean makurtzen da.)

 

Ez! (Debekuak esaten dituen pertsona bat imitatuz) Gauzak hartzeko kolpean makurtu, ez.

 

(Hemendik aurrera, mugimendu desberdinak burutuko ditu eta, ondoren, horien gaineko debekua oihukatuko du, modu ironiko eta jolastian.)

 

Ez! Pisu guztia ezkerreko hankaren gainean, eeeeez!

Ez! Saltorik, (ahoarekin ezezko soinua eginez), ez!

Ez! Beheraino, ez!

Ez! Postura konprometituetan, ni de coña.

Ez! Horrela jaiki, ezta pentsatu ere.

Ez! Hanka puntetan, ez!

Ez! Ezezezezez! Ez! Ez! Ez!

Zergatik ez?

Ez! Ez! Ez! Ezzzzzz... Ba bai! Bai!

 

(Aldaka mugituz dantzan hasten da energia handiz.)

 

Esan bai! Hori da, bai! (Publikoa animatzera gonbidatuz) Mezatan bezala, denok, bai!