Herrenaren promesak
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua
Azaleko irudia: Maider Leturiaga
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
142 orrialde
978-84-19570-52-9
Maite Aizpurua
1990, Zumaia
 
 

 

Dramak biderkatu

 

Danele Sarriugarte

 

      Gertutasun intuitibo batek lotzen ninduen Maite Aizpuruaren teatro-lanarekin, bera ganoraz ezagutu aurretik ere. Interesatzen zitzaidan esaten zuena, eta nola esaten zuen: irakurketa zorrotzak gerri soltearekin. Irakurketa zorrotzak guztiz neure sentitzen nituen baina zurrunagoa nintzen, garai hartan, ni. Eta miresmena eragiten zidan Aizpuruak horrexegatik. Garai hartan, eta bertsolaritzaren kasua aparte utzita, ez ziren hainbeste nire bi mundu —hainbat munduren artean— konpartitzen zituzten pertsonak, hau da, festa transfeminista batean zein ebento kultureta batean, bietan topa nitzakeen kideak.

      Aizpuruak bakarka sortutako antzezlan bat —Erresistentzia arazo fisikoa da— eta Infinitudrama kolektiboak osatutako bi —Promesa berdina egin diegu lagun guztiei eta Promesarik txikiena— biltzen dira liburu honetan. Labur bada ere kontu batzuk esan nahi nituzke bakoitzaren inguruan.

      Erresistentzia-rekin ezagutu nuen Aizpuruaren lana. Tabakaleran ikusi nuen, Z aretoan: berdin ikus nezakeen Txerrimuño gaztetxean, eta agian erosoago sentituko ginen bai ni bai gainerako gehienak, baina akaso halako plazak hartzea ere ez dago sobera. Eta akaso liburuak hartzea ere ez.

      Erresistentzia ikusi nuen eta pozarren nengoen: izenburuaren berri izan nuenetik nahi nuen jakin ea zer; banekien gorputz-gaitasunez arituko zela, txosten medikoez, banekien korrika egiteko zinta bat edukiko zuela Aizpuruak ondoan. Kritika krip-kuir-lodiak oholtza gainean: bai, eskerrik asko. Argiztapen eta eszenaratze soila, hori dut gogoan, hitzen indarra, paper burokratikoak airean hegan. Izugarri pila gustatu zitzaidan eta esan egin nion Maiteri. Izugarri pila bat gustatu zitzaidala esan nion lehen pertsonetako bat izan omen nintzelako eskatu zidan Maitek liburuaren hitzaurrea idazteko. Orain, idatzizko formatuan, Aizpuruaren monologoa poema bat da.

      Beste bi antzezlanak, Promesa berdina egin diegu lagun guztiei eta Promesarik txikiena, Infinitudrama kolektiboak osatu ditu, eta lotuta daude, izenburuek iradokitzen duten eran. Dena den, kolektiboaren beraren izenari buruz zerbait esan nahi nuke ezeren aurretik. Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera bi adiera ditu drama-k: bat, “Tragediaren eta komediaren gaiak nahasten diren antzerki mota; mota horretako antzerki lana. Lessing-en dramak. Drama-idazlea”, eta bi, “Antzerki lan bihotz-hunkigarria. Komedietan eta drametan trebetasun bera agertzen zuen”. Txerrimuñon edo beste gaztetxeren batean izerditan blai dantza egiten dugunean, edonola ere, drama gehiago da bollodrama bat, eta hitzaren familia etimologiko hautatuan drageatzea eta pantojeatzea sartzen dira, besteak beste.

      Amodio erromantikoaren kritikari tiraka laguntasuna goratzen hasi ginenetik —ez bada aurretik— ohartuta gaude jeloskortasunak eta leialtasun-eskaera —bidegabeak?— beti egon direla presente maitaletzan bezainbeste adiskidetasunean, eta promesaren ideiak, Promesa berdina izan, zein Promesarik txikiena, laguntasunaren egiturari eta haren argi-itzalei erreparatzeko aukera ematen digu orain. Bai, eskerrik asko.

      Disney maitasunaren idealetik ihesi saiatzen ditugun bestelako harreman-moduetan ere badira, nola ez, hutsuneak eta kontraesanak; ez du horrek esan nahi bila segitu behar ez dugunik, edo gure bilaketa zalantzakorrak normatibitate egonkor-usteak baino gutxiago balio duenik. Monodramaren aldean, niri behintzat, mila bider interesgarriago agertzen zait infinitudrama.