Herrenaren promesak
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua
Azaleko irudia: Maider Leturiaga
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
142 orrialde
978-84-19570-52-9
Maite Aizpurua
1990, Zumaia
 
 

 

8. KUADRILLA ERREFERENTEA

 

(Musika entzuten da: Preußens gloria.— Prusiako ereserkia. Giroan argi gorriak. intzak begiak zabaltzen ditu. Kabinako teknikoari agintzen dio musika apur bat jaisteko.)

 

intza: Laguntasuna niretzat bandera bat da. Kolore, marra eta irudi geometriko zehatz eta mugigaitzez osatua. Nire laguntasuna instituzio bat da eta bandera bat dauka.

 

(Bandera irudikatzen du zutoin eta zintekin egindako formazioan. maitek asistentzia lanak egiten dizkio.)

 

intza: Erraza da nire laguna izatea. Oso maja naiz, ardura emozionalak ditut eta beti daukat klinex edo raya bat zuretzat. Sarrera librea da. Ez dut nik aukeratzen nor sartu edo irteten den. Zuek aukeratzen nauzue ni. Hori bai, behin sartzen bazara… ¡juras bandera!

            Sartu zaren bezala atera zaitezke, noski! Ez naiz ez zure ama ez eta polizia ere. Baina gogoratu, zure laguna naiz eta territorio libre honetan aduanak kokatu ditut. Modu estrategikoan. ¡Al que se la pelo, palo!

            Ez naiz kontrolatzailea, leiala baizik. Dei nazakezue: abertzalea. Nik nire lagunen etxea defendatuko dut, bereziki bizi eredu heteronormatiboaren kontra. Eta agian ez zaizue sanoa irudituko, bale, baina zer gertatzen da aduanak kentzen baditut? Zer gertatzen da mugak desagertzen badira? Pasa, Maite, hori da, bai, pasa berriz…

 

(Jolasa errepikatzen dute hainbatetan, maitek ez daki nondik atera edo sartu behar duen zehazki.)

 

intza: Zer gertatzen da? Ba agian ez dagoela banderarik, ezta territoriorik ere. Agian, bakarrik gaude.

maite: Bakarrik?

 

(Isiltasuna. Bata deprimitu egiten da, bestea estutu. Musika itzaltzeko agintzen du intzak.)

 

intza: Kuadrilla, hor zaudete? Non zaudete?

 

(Salako argiak pizten dira. Publikoa agerian geratzen da.)

 

intza: Hor! Kuadrilla, gaurkoa ongi ateratzen bada landetxe batera joan nahi dut zuekin. Berdin zait despedida bat, preboda bat edo urtebetetze baten aitzakiarekin izan. Berdin zait ezer ospatzera ere joaten ez bagara. Gu geu hemen elkartzea bera ez al da ospakizun bat? Booking-eko landetxe bateko egurrezko portxean dagoen mahaiaren bueltan jarri nahi dut zuekin.

 

(intza objektuak batetik bestera mugitzen hasiko da emozio kolpeagatik. maitek lagundu egingo dio kaosa bideratzen eta pixkanaka pontxearen mahaia prestatzen hasiko da. Zutoinak birkokatuko ditu ilara batean eta atzean, hasieran egiten duten bezala.)

 

intza: Maitek txetosak ekarriko ditu, ze Maiteri ikaragarri gustatzen zaizkio txetos pandillak, baietz? Maitek txikitan pila bat jaten zituen eta aparatuan gelditzen zitzaizkion, aparatu guztia naranja! Eta jendeak deitzen zion: Txillidaleku!

maite: Nolakoak diren umeak, e...

intza: Maianak tortillak enkargatuko ditu denontzat. Itxoin, ez, Mercadonan dauden gutxi kuajatutako tortillak erosiko ditugu haurdun zaudetenontzat, e! Haurdunaldirako tortillak denontzat!

maite: Intza, begira...

 

(maitek tripa erakusten dio intzari.)

 

maite: Ezetz...!

intza: Ez zaizu igartzen! Ez zaio igartzen!

 

(intzak arrainontzia hartzen du enfasi handiarekin, eta publikora jaisten da eskaintzera.)

 

intza: Bai, pontxe bat ere prestatuko dugu Edurne, nos encantan las americanadas, e?! High School Musical, Camp Rock, Chicas malas, The Cheetah Girls in Barcelona, Torres Gemelas, Bin Laden! Nos encanta Bin Laden!

 

(maitek atzetik jarraitu eta arrainontzia jasotzen du eta mahaira eraman berriz.)

 

intza: Matxalen, bai noski, fueta ere egongo da, ez gara katalanak, baina nik ebakiko dut, labanarekin, tak-tak-tak...

 

(intzak maiteri burruntzalia eskuetatik kentzen dio, eta labanaren antzera erabiltzen du.)

 

maite: Ens encanta el pa amb tumaca.

intza: Pantumaka ere egongo da. Casa Tarradellas-en anuntzio batean bezala.

 

(intzak maiteri itzultzen dio burruntzalia eta mikroaren bila joaten da.)

 

intza: Guztiak kuadrillako blusa jantzita. Ez, hobeto, blusak airean astinduz, ezker-eskuin. Denok batera. Neomakeko kideak izango bagina bezala, ¡con papel de oro! Altuan kantatuz. “Escondidooos solos tú y yo...”, e? Maite? Kantatu nirekin batera! “Atrapados sin poder salir de tu interior, de mi interior”...

 

(intzak mikroa pasatzen dio maiteri abesteko. Hartu egiten du eta publikoari abesten dio.)

 

maite: Mientras que hacemos el amor.

intza: Eta Eiderrek esango du: “Kuadrilla erreferentea gara!”. Eta Anek, kuadrillako whatsapp taldearen izenean jarriko du: “kuadrillaaahhh errefëferentehh”. Eta denok barre egingo dugu, e, Ane!? Denok batera! Beti egiten dugulako dena batera, ezta? (Geldirik geratzen da eszenaren erdian) Eta orduan, justu orduan, gauza bat esateko dudala aitortuko dizuet. Eta zuek harrituta begiratuko nauzue, (Bere lagunen ahotsak imitatuz) “zu ez zea ezkonduko eta”, “zu ez zea haurdun geratuko eta”… Eta hortxe, justu orduan, denak niri begira zaudetela, eraitsi ahal izango dut guztia. Landetxe bateko portxeko mahaiaren bueltan, fuet eta labana artean. Lagunak, berriz ere landetxe batera joan nahi dut zuekin, hogeita bost urtetatik aurrera denak elkarrekin mahai baten bueltan jartzeak kristoren morboa ematen didalako.