Herrenaren promesak
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua
Azaleko irudia: Maider Leturiaga
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
142 orrialde
978-84-19570-52-9
Maite Aizpurua
1990, Zumaia
 
 

 

4. ZERGATIK ZAUDE HASERRE? (I)

 

(Eztanda bortitza entzuten da. Globo bat lehertu du intzak.)

 

maite: Intza, haserre zaude? Nirekin? Haiekin? Bale, nirekin.

Zergatik zaude haserre?

Berandu iritsi naizelako?

Historia ondo kontatu ez dudalako? Antzerkia da, ba.

Abestia amaitzen utzi ez dizudalako?

 

(intzak ez dio erantzuten. maite intzari jarraika hasten da zutoinetan zehar.)

 

maite: Bale, zure aitarena esan dudalako. Baina arrazoia daukat, ez? Zuk beti esaten duzu…

 

(intzak zorroztasunez begiratzen dio. Hemendik aurrera, maitek dioen edozerk egoera okertu besterik ez du egingo. intzak ihes egingo du, zutoinetan sortutako lerroan zehar.)

 

maite: Badakit! Zure urtebetetze egunean beste pijama bat oparitu nizulako. Eske delujo geratzen zaizu. Guapa-guapa dagoela, e?

 

(intzak ez dio erantzuten. Beste aldera begiratzen du.)

 

maite: Itxoin! Zoriontzea ahaztu zitzaidalako. Badakit noiz diren: uztailak bat... bi... hiru...

 

(intzak ez dio erantzuten. Ihes egiten du.)

 

maite: Bale, isiltzen ez naizelako. Edo isilik geratu nintzelako bere momentuan eta orain kontatu eta kontatu nabilelako denen aurrean...

 

(intzak zinta bat askatzen du eta mehatxu egiten dio maiteri.)

 

maite: Hori ez, horrela ez. Eman bigarren aukera bat. Niregatik ez bada, behintzat haiengatik egin, oraintxe ailegatu dira eta ez daukate errurik...

 

(intzak zinta kolpean askatzen du.)

 

intza: Zure sekretua kontatu diet.

maite: Qué maja. Hauei? Denei?