Herrenaren promesak
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua
Azaleko irudia: Maider Leturiaga
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
142 orrialde
978-84-19570-52-9
Maite Aizpurua
1990, Zumaia
 
 

 

13. KATRAMILA II / MINA!

 

maia: Erradazue, gaizki egin dut? Sobera izan da?

ana: Bueno, nire txanda zen. Txandaka ari ginelako ez dizugu jarraitu.

maia: Txandaka bai, baina, nola egin... Proposamen bat bada eta ez baduzue segitzen? Ez dakit non kokatu nire burua. Galdua sentitzen naiz. Erradazue, sobera naiz? Erran zintzoki.

ixa: Agian, batzuetan.

maia: Zer da sobera izatea? Leku gehiegi hartzen dut, hori da? Eszesiboa naiz? Sobera azkar, sobera emozionala, sobera triste, sobera alai, sobera…

      je vous enmerde! Zer dira legeak errateko hori onargarria dela eta hori ez, sobera dela?

      Nortzuek ematen dituzte neurriak? Pertsonalki inork ez dit galdegin nire iritzia. Eta ez dut neurtu nahi, ez dut jakin nahi zu guttiegi zarela edo ni gehiegi.

      Erridikulua naiz? Hori da? Erridikulua?

      Ez naiz zuek nahi bezain azkar?

      Ez naiz zuek nahi zenutena?

      Nire emozioak ez dira desegokiak. Nire ahotsa ez da zarata.

      Nire izana ez da gehiegikeria.

      Ez dizuet gehiago nire izatea epaitzen segitzen utziko.

 

(Objektu estrainioa denen artean eusten saiatuko dira. Besarkada batean bilduko dira.)