Herrenaren promesak
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua
Azaleko irudia: Maider Leturiaga
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
142 orrialde
978-84-19570-52-9
Maite Aizpurua
1990, Zumaia
 
 

 

3. GENESIA

 

(Burbuilen hotsak lagunduta, haien haurtzaroko maitemintze istorioa kontatuko dute. maitek tutu garden luze bat darama gorputzean kiribilduta. Arrainontziak erdian jarraitzen du. Alboetako globo arrosa bat uretara bota dute.)

 

intza: Hasieran, ura izan zen. Uda betea piszinan, eta zure flotadore arrosa urdinaren kontra, ipurdia flotadorean sartuta, like a fucking queen. Entzun zintudan zure amari esaten kalipodefresa bat nahi zenuela gero, eta nik pentsatu nuen zeini gustatzen zaio kalipodefresa? Askoz hobea da limalimon. Uda betea zen eta niri oraindik ez zitzaidan ura gehiegi gustatzen. Hurbiltzen nintzen ertzeraino nire bolantedun bainujantzi fosforitoarekin, begiratzen nuen hondoa, eta oso-oso sakonak iruditzen zitzaizkidan ur haiek.

maite: Esan nizun lehenengo gauza izan zen: “Erreta zaude”, eta zuk esan zenidan lehenengo gauza izan zen “ya, eske ez dut kremarik eman”. Esan nizun bigarren gauza izan zen “Zergatik ez zaude uretan?”, eta zuk “Oso sakona da”. Esan nizun hirugarren gauza izan zen: “Utziko dizut flotadorea nahi baduzu”, eta zuk “Bale”.

intza: Bere flotadore arrosa utzi zidan lehenengo, eta gero krema, eta gero toalla, eta gero kartak, eta gero bere etxean afaldu nuen behin, eta gero nire etxean meriendatu genuen behin, eta gero pipak erosi genituen piszinara joateko.

maite: Eta gero nire merendolara gonbidatu nuen nire eskolako lagunekin, eta gero zure merendolara gonbidatu ninduzun zure eskolako lagunekin, eta uda hura eta gero lagunak izan ginen.

 

(maite, tutu handia erabiliz, arrainontziko ura edaten hasten da.)

 

intza: Biok gara udakoak: ni Cancer eta zu Leo. Gauza guztiei ertzetik begiratzen diet nik, sakonera neurtzen; eta zu beti zaude gauza guztien erdian, flotatzen eta lasai.

maite: Gorputz lasai horiek bolantedun trajebaño fosforitoetan, betaurrekoak kopetan, zuk bota uztaiak eta nik hartuko ditut!

intza: Bat falta zaizu.

maite: Ez dut ikusten non dagoen uztaia...

intza: Nik hemendik ikus dezaket ba.

maite: Tranpa egin duzu eta ez duzu bota.

intza: Bai bota dut.

maite: Ez duzu bota.

intza: Bera nutria bat zen, ornitorrinko bat, izurde dirdiratsu eta labainkor bat, bi paletak faltan irribarretsu, uretatik ateratzen zenuen lehenengo besoa uztaiekin, eta gero heltzen zen zure burua, flekilloa begietan pegatuta eta hartzen zenuen arnasa lehenengoz hartuko bazenu bezala.

 

(maiteri kontrako eztarritik joaten zaio arrainontziko likidoa eta tutua uzten du indarrez. Zipriztinak eta zalaparta ateratzen ditu.)

 

intza: Uretara sartzea lortu nuen zurekin. Hasieran, eskailerari heldu-helduta egoten nintzen, hotzez dardarka. Ez dut inoiz jakin zergatik ematen zidan horrenbeste beldur piszinak eta are gutxiago ulertzen dut zergatik itzultzen nintzen piszinara ia egunero. Eskailera askatu eta zure eskutik helduta sartu nintzen lehenengoz gerriraino.

 

(Bien artean bigarren globoa hartu eta pontxearen barruan sartuko dute, mimo handiz.)

 

maite: Gogoan dut zure ile lehorra eta nire ile bustia.

intza: Gogoan dut burua lehenengoz urpean sartu nuenean, bat, bi eta…

 

(intzak burua pontxean sartzen du.)

 

maite: Eta gero nola hasi ginen jolasten. Zuk abesten zenuen kantu bat urpean…

 

(intzak burua pontxean sartu eta Escondidos[3] abestia kantatuko du).

 

maite: Escondidos!

intza: Bai!!! Piszina hura gure mundu osoa zen, uda. Gero, nagusiagoak izan ginenean, gure lagun berriekin joan ginen hara, litroak egitera, pipak jatera, gauez kartetan jolastera, liatzera, follatzera. Aspaldi da ez garela ez garela han elkartu. Zabaldu egin zaigu mundua.

maite: Orain bakarrik ikus dezaket ze ederrak ginen orduan. Ze lasaiak. Batzuetan pentsatzen dut piszina harengatik ez balitz beste batzuk izango ginatekeela. Beste beldur eta neke batzuk izango genituzkeela orain. Big Bangaren hasieraren hasierako atomoa da piszina hura: urdingune eternoa, irakaspen primordiala, arnasaren hasiera.

 

 

 

[3] “Escondidos” abestia ezaguna egin zen La1 telebista kateko Operación Triunfo hamaikagarren galan David Bisbalek eta Chenoak egindako bertsioarekin, 2001eko urriaren 14an.