Aurkibidea
Goizeko klarazoian buruarekin blagan
Grafiteatutako garezurren milurteko loa
Long John Silver nire erreskatera (txanpon makina madarikatua)
Ongi etorri aberatsen auzunera
Suge kopulatik sortutako unibertsoa
Iragarki sentsualak eta kale hotzak (gorroto ditut estankoak)
Aurkibidea
Goizeko klarazoian buruarekin blagan
Grafiteatutako garezurren milurteko loa
Long John Silver nire erreskatera (txanpon makina madarikatua)
Ongi etorri aberatsen auzunera
Suge kopulatik sortutako unibertsoa
Iragarki sentsualak eta kale hotzak (gorroto ditut estankoak)
BEHIN ETA BERRIRO IKUSIKO DITUZUN PELIKULETAKO POSTERRAK
Hau ez da koadriga lasterketa bat; hau ez da «Aizak hi!, egintzak nire lana nire partez!»; hau ez da irrati berri bat erosiz gero egunez egun entzuten dudana aldatuko dut; hau ez da nire ohiturek ez naute definitzen eta beste edozein aldetara begira dezaket eta ez dut azalpenik eman behar eta zu eta zure ingurukoentzat bizkorregia naiz, eta irudi batek mila hitzek baino gehiago adierazten du, eta zenbait agiri ahaztu ditut etxean eta orain banoa, agur. Hau ez da tipo tristea eta enigmatikoa naiz eta nire malenkonia erromantikoak hilezinezko barne-arrastoen ondorioetatik, bizipenen azkazal zorrotzetatik, behazunetik, desamodioen injekzioetatik salbatuko nau —eta berdin ni neu nigan izatearen eta besteen aurrean zein besteengan izatearen faktuari datxekien arduretatik—; hau ez da nire ohea beti egongo da emakumez beteta, plazerez gainezka, eta nire galtza bakeroak gasolio-txiskeroez. Hau ez da lehenengo tiro egiten dut eta gero galdetzen; hau ez da Intxaurrondoko kuartela baina ezta ere aldiko Big Brother saioko luxuzko etxe kontratxapatua, ezta ere talk show dekadente okaztagarriaren agertoki nazkantea, garaien adierazgarri dena eta bere biztanleena, gu geu garen horiek, eta gu geu baino beste inor ez. Hau zure eta nire bizilekua da, eta gurea ez dena, eta gure kaleak da eta gure lagunak da, eta gure etxekoak, eta maite ditugun pertsonak, eta beste aukerarik gabe beraien kontra su eta gar borrokatzea suertatu zaigun jendea, gehi milaka hankabiko, eta ekidin beharreko —osasun arrazoiak medio besterik (eta bereziki) ez bada ere, buru-higienea dela eta, espirituala— zapalkuntza ibiltari-hiztun tiranoa; hau gu zibilizazio basati bitxi-zitalaren erdigunean da, beraiek eta handituz doan botere digital infinitua, ezkutuki agerian, ageriki absentea, deabruaren trikimailu zaharra, esan ohi dutenez, edo antzeko zerbait edo oraindik okerragoa, barne-muin eta haragi gu geu ezinbestean hemen eta orain; hau da gure hezur plastifikatuak eguzkitan karramarro gorri distiratsuez betetako igerilekuaren aldamenean, karramarro erabat zaporegabeak ekoizpen super-industrialeko negutegietako sagarren gisakoak, zoru baldosatuaren gainean gure buru baldosatuak, eguzki baldosatua gizaki baldosatuentzat egunetik egunera are eta ilunagoak, hutsalagoak, erigarriagoak, damutuagoak, barregarriagoak, buru otzan karratuak dituzten borrero paranoikoak aparteko ordainsaria eskatzen, sortzetik dituzten kaputxen gainetik dotorezia martirizatzaileaz aristokratikoki ikusezinezko modu eta praktikan enkaputxatuak. Hau ez da Delfosko orakulu kasino bihurtua, eta pitonisa ballarak larunbat gauetan beraien buruak trantzera eraman arren, eta makina bat hegaztiri erraiak ateratzen dizkiogula ere, hemen, Las Vegasko auzune periferiko amaiezinetan, sekula ez da izango behar adina gogobeteko gibelik irakurri eta ulertzeko, irakurri eta ulertu, irakurri eta ulertu. Botikak itxita daude eta ez dakit nola josi gaurko zauri sakona.
Hau ez da «Errotondaz nahastu egin naiz, sentitzen dut, dei nazazu beste egun batean, niri sudur-puntan jartzen zaidan egunean»; hau ez da masifikazioak ezkutatu eta sendatuko du nire ahulezia pertsonala eta indibiduala; hau ez da «Ei!, goazen urez betetako puxikak botatzera bakarrik bizi diren agureen etxeen kontra, eta agian ilunabarrean perdigoi batzuk ere bai». Hau ez da legioko ahuntza selfie bat ateratzen; hau ez da Bostak kanpinean ezta ere Bostak primeran dabiltza eta are gutxiago Bost malapartatuak Iruńeko jaietan neska bat nola bortxatzen duten bideoz grabatzen; hau ez da guayegiak gara edozelako legek —idatzita egon edo ez— uki gaitzan; hau ez da «Lepoa moztuko dizut» eta kito. Hau ez da eskuko ordenagailu berria behar dut sei hilero, smartphone berria lau hilero, bikote berria bi hilero segidan nigandik baztertzeko; hau ez da pentsamolde nagusi hedatuak goitik behera finantzatutako publizitateak sostengatzen duen moda eta iritzi aldizkaria, zeinari esku zuria miazkatzen diozun, begiak saltzen dizkiozun, barne-aldartea entregatzen; hau ez da argazkiak ikusten ditut soilik eta mezuak besterik ez ditut irakurtzen. Hau ez da egunero Sarajevoko liburutegia erretze jokoa; hau ez da esku bat jaurtitzen dut baina harriak bestean gorde edo antzekorik; hau ez da gehien oihukatzen dudanez ni neu naiz alpha masculum goitikoa (egunerokoan elkarrizketa bat izatea zertan datzan ez badakit ere). Hau ez da minbiziaz, alzheimerraz, eta alboko esklerosi amiotrofikoaz ere libratuko naiz ni, eta beste gainontzeko gaixotasun terminalez, edozein dela ere, eta nolanahiko beste gaixotasun kroniko bat sorraraz dezakeen sufrimenduaz eta minaz libratuko ere, ze nire urrezko hedonismoan korazatuta nago, besteak beste, ezinbesteko nire crossfit, electrofitness, kick boxing eta cardio streaptease saioei esker, eta nire nutrizionista pribatuak eta espirulina dosiek zaintzen nautelako, eta nigan soberako glamourra daukadalako inolako gaitzek nire organismoari kalte eragin diezaion, nire erabateko presentziari, beti izango naiz mota orotako birusetatik libre, infekzio eta sindrome guztietatik, eta nire dealerrak kale gaineko substantzia arrunt faltsutu ezaxolak baino nahasgabeagoak direnak (horrexegatik ere garestiagoak) ekartzen dizkidalako, eta hau beste inbertsio bat da, edozein kirurgia estetiko bezalaxe, beti ere salbu egongo naiz edozein auto istriputatik, ez bainaiz zorigaiztoko halako sareetan erortzen denetakoa, ezinezkoa, badakit nire burua zaintzen, ez beste batzuk bezala, eta nire ondorengoei inoiz ez zaie deus ere gertatuko. Hau ez da berorrengandik desitsatsi gabe urteak daramazun bideojoko hori, eta ez da egunetik egunera harrapatuagoa zaituen apustu-etxe digitala; hau ez da sare sozialen gezur arin alaia; eta ez da nire soslai hoberena, exhibizionismo simulatua, eta zaborra ezkutatzen dut, eta ez da ea nork duen luzeagoa, edo ea nork dituen tenteagoak eta desiragarriagoak, eta ez da gurasoei lapurtzen diet eta lagunak engainatzen ditut, eta beti lortzen dut nahi dudana. Hau ez da heziketa txorakeria hutsa da ez baitu deusetarako balio eta, gainera, nik dagoeneko dena badakit eta nire kredoa berehalako utilitarismoa da. Hau zu zara zure bizitza alferrik xahutzen eBay-en —edo arima txikientzako biltegi erraldoiren batean— erositako beste produktu bat gehiago izango bailitzan; hau harrokeria eta banitatea da, desustraitze eta kontsumorako klon perfektuak sortzen, eta jada dozenaka ahotan erabiliak izan diren txotx lerdetsuekin eraikitako monumentu gurgarrien distira morbidoa, agintearen beira iluneko dorre txundigarriak oinekoen zaurgarritasunaren oroitarazlea. Sor dadila itzala! Sor dadila itzala mirespen moduan! Hau zure hibrido okerrena bihurtzen zaituen makineria hobeezina da, parrillan dagoen zeure haragizkotasunaren birtualtasun propioan. Hau, esan dezagun zeharka ibili gabe, zure heriotza festaz jantzia da, maskarak lurrean; zu hilerrirantz geldiro bidea egiten da hau. Hau da ahulegia izango zara dezepzio, engainu eta desilusio itzelenek gainditzen zaituztenean. Hau ez da jokotxo makiavelikoak Silicon Valleyn, eta Apple eta Microsoft eta Google eta Facebook eta Instagram eta Twitter zure burmuineko atalik zaurgarrienean mokoka, eta zure izatearen izatean, eta zure diruzko eta denborazko eta emoziozko baliabideen erabileran zein erlaziozkoetan zure gainontzeko hurkoekin eta ingurunearekin, mundu naturalarekin zein komunikazio deskrematuarekin; hau, batez ere, zure garun-zoparen xurgapen absolutuena da, sotiltasun eta sofistikazio maila handienera eramana, goieneko kontrola da promesak eta irribarreak medio, eta oraindik ere zure ikuste mugatuak atzamarka lezakeena baino askoz ere gehiago. Hau da soma berriak ez ditu zure atsekabe zaharrak desagerraraziko. Hau ez da diskurtso hanpurutsuek eta jarrera pedanteek ospetsuagoa eta onartuagoa egiten naute eta, ondorioz, etengabe jarraitzen dut artifizialtasun degradatzaile horren askatik edaten, eta beraz hausnartzea, sakontzea, erdi-egiaren baten bilaketa, lerdoen eta pertsona aspertuen gauza da; hau ez da zenbat eta azkarragoa hobe, kamisetak zenbat eta estuagoak hobe, ilean zenbat eta gomina gehiago hobe, zerebroan zenbat eta zakar gehiago askoz ere hobe, zenbat eta handiagoa izan ukitzen nauen zaldi garailearen itzalaren ilusioaren zatia hainbat hobe, eta horretan nabil. Hau nire gainetik dauden kariengatik sakrifikatzearen justu kontrakoa da; hau da ez dut yaterik baina edukiko banu bezala ibiltzen naiz munduan barrena itsasoaz deus ez dakiten nire nautiko politekin. Hau ez da niri dena bost axola eta ororen gainetik nago eta gainera «galtzaile» kalifikatzailea gehitzen diot nire hiztegiari edozein estatubatuar arrunt eta erdipurdikoren gisara zu gutxiestearren eta handikeriaren gogo-hoztasunez esku bakar batez apartatzearren, ez baitzara gai elbarrientzako erreserbatutako tokian aparkatzea bezalako lorpenak gauzatzeko, eta barre egiten dut, eta zuk tontoaren antzera, hots, «galtzailearen» antzera, hiriari bueltak ematen jarraitzen duzu; hau ez da uneko bideo arrakastatsua, azken lerdokeria birala pantailaz pantaila dabilena, eskuz esku, garunez garun, hortzaduraz hortzadura, ergelez ergel, borondatez onartutako, besarkatutako, zornea bailitzan; hau da kirtenkeria, kretinismoa eta edozein motatako entretenimendua gehitu beharko diozu zure denborari zure denboraz —zutaz— pentsa ez dezazun. Hau ez da beste egun bat gehiago audientzien mailaren baitan kalibratua, begibakarrentzako nire telebistaren pantailaren tamainaren eta teknologia-kalitatearen baitan; hau ez da beste egun bat gehiago eguzkitan; ikuskizuna hasi baino ez da egin, horixe da hau. Hau ez da «positivo» edo «afirmativo» erantzutea sinpleki «bai» edo «hala da» beharrean, eta ez da ezta ere «negativo» erantzutea garbi eta besterik gabe «ez» edo «ez da horrela» beharrean, honela wicked cool! senti zaitezen erabat; hau ez da zibilen artean militar bat naizela ustean nago zuek azpian hartzeko eta posible bada zuek umiliatzeko eta beti ere zuen gainetik nabarmentzeko, ez zara suharri guztiak baino bihotz gogorragoa duen tipoa uste horretan hartzen baduzu ere atsegin kale eta tabernetako txiklezko elkarrizketetan eta honela agertzen bazara ere sexu-topaketa amorfoetan, parodia bat besterik ez, propagandaren jomuga aski erraza, bat gehiago beste egitasmo pseudogizatiarra bihurtua, ganoragabeko arrunten argi-foku itsugarriaren, haluzinagarriaren azpian, sistemaren lastozko alfonbran desfilatzen ikusten zaituen sistema, eta jaiotzen eta hazten ikusi izan zaituena, eta jarraian egunak joan egunak etorri barneak agortzen ikusi ere, aukeraz aukera, okerbidez okerbide, zoraldiz zoraldi, hutsegitez hutsegite, ilunaldiz ilunaldi, makurki, alfer-alferrik, aldez aurretik jakiniko txepelkeria hutsal tristean.
Hau ez da bussiness class hegaldi bat eta ezta ere low cost hegaldia; ez da super-heroien komikia; ez da «ˇJimmy Jimmy se va a chutar!» eta hemen ez da deus ere gertatu izan turismoari emana den hiria baikara, hilobi-isiltasuna eta auzokoak diren ama ez gutxi betiereko samin definiezin eta ikaragarrienera jaurtiak eta hobeto zainduak Bermeon hemen baino; hau ez da rol-jokoa eta antzerki-lana; hau ez da haizerrotak eta zaldun ibiltariak eta replikanteak beraien memoria zatia bilatzen eta desiratutako euren odol propioa jariatu nahian, une honetara iritsirik demostratu beharreko ezertxo ere ez da geratzen. Hau ez da biomekanika eta biogenetika hitzaldia goizeroko gosari transgenikoaren momentutik gure buru kiskaliak oheratzeko orduraino; hau ez da tatuajeez aspertzen zarenean zure gorputzean txip absurdoak jartzea hautatuko duzu arinki, osasunaren urgentziarekin ezer ikustekorik izango ez dutenak eta, aldiz, dena zu entzutetsuagoa egitearekin, beti azken modan!, beti azken modan!-ek suntsitu egingo zaitu, toxikotasun anizkoitzaren gure parke tematikoan egunero neurotransmisore gero eta edentsuagoak; hau da nire bihotza, litografia-lamina batean taupaka.
Hau ez da nostalgiak saldu egiten du, ez da diseinuak salbatu egingo gaitu eta dj-ak sekulako artistak dira (anonimoak izateko asmoz sortu zirenak; egin dezagun barre); hau da txotxongiloak maneiatzen dituen espeziearen eskuak eta burmuina etenik gabeko egite eraginkorrean, eta telebista-ereduko jokaerak, enperadore tentelaren otzantasuna; hau da Maslowen Piramidea bere oinarrizko estratuetan izoztua eta agur egiazko edertasunari eta gorentasunari eta gizakiaren nortzeari; aski da behingoz hainbeste zarata gorgarri-gaizto-ustel-despotaz, horixe da hau: aski gogaipeneraino erabilitako klixeez, tranpa-lengoaiaz, gelatina linguistikoz, bukle jarraituan ematen diren mezu publiko errepikakorrez, txiste txoroez eta batere kaltegabekoa ez den komikotasunaz; entzun zeuen buruak arnasa hartzen!, entzun behin bakarrik bada ere, pertsona bakoitza behin besterik ez bada ere. Aski da zuen haize-orratzak diren buruez baliatzeaz, fruta usteleko nahimenez baliatzeaz, elikatzen duzuen txantxa galgarri honetaz. Isiltasuna. Isiltasuna. Isiltasuna. Garaia da entxufea gainetik ken dezazuen eta zeuen oinetan tiro egin, burmuinean, kortex zerebralean. Isiltasuna. Isiltasuna. Isiltasuna. Jaso itzazue hautsontziak, irentsi zigarrokinak, emadazue espazio eta bake apur bat. Hau ez da poker mahaia; hau erruleta errusiarra da, eta jokoaren arauak aldatu egin ditut, eta zurea den errebolberrarekin apuntatzen ari natzaizu.
Hau ez da mukiak kenduko dizkizut, hau ez da errege eta erreginen jabetzako lurrak; ez da ezta ere arrosa eta urdin argia koloreen esleipena; ez sozialismo errealaren begi fluoreszenteko satorren xake partida; ez Chicago Boys, haiek afaldu aurretik Pinochetekin txiletarren lepoen gainetik sokasaltoan dibertitzen; hau ez da torturaren ekonomia gure historiaurreko leize-zuloetan; ez da arkitektura komunistaren eraikin tzarrak lila argiz margotuak; ez da panoptiko dualean aurki daitekeen bazter libre bakarra, ez baita halakorik existitzen, halako dimentsiorik ez dago; hau da beti beranduegi iristen da katarsia; hau da dolua eta maitemintzea kontu berdinki pertsonalak dira biak; hau da kostaldeko muga bikoitza honetan ezin ditut gure etxe atarian P Lerroa zenaren bunker frankistak ez eta gure etxe aldamenean Atlantikoko Horma izandakoaren bunker naziak formolez betetako ontzietan sartu eta hauek behingoz eta betirako itxi, ezin baitut ariman inkrustatutakoa erraustu, gertatutakoaren desagerpena asmatu; hau da gerra desberdinek injustizia berdinak eta biktima berdinak sortzen dituzte; hau da, ez, ezin ditut gure historiako esklaboak askatu, ezta ere bortxazko lanetara behartutako presoen zorigaitz miserablea arindu; hau da segundo honetantxe bertan nazkatuta nago, eta bada ezagutzen dudan jendea ez litzaidakeena bereziki axola izango gaur bertan desagertzea. Hau da lesioak dituzten burmuinen museoa, horixe da, horixe gara.
Hau da kodeinak ez dit oinazea arintzen, ez eta aski gertatzen oxikodona, pregabalina, topiramatoa, retigabina edota opiazeo desberdinen zerrenda luze amaiezin neketsuko botika narkotiko horiek; hau da nire nerbio-sistema zentrala kaltetuaren informazioa gaizki ulertzen dute garuneko nozizeptoreek eta dagoeneko ezin dut gehiago minarekin, minarekin, minarekin, urteetakoa den oinazea; hau ez da irribarre gehien egiten duen hura da zoriontsuena; helduak bailiran hitz egiten duten haur pedanteak baso itxi batean laga behar lituzkete da hau, beraien guraso harroputzak oihanean, larrugorritan, tresna teknologikorik gabe eta desodoranterik gabe, kreditu-txartelen ezgaitasunarekin besapeetan, bitxirik gabe, diskurtsorik gabe, lehen aldiz bihotzak gordinik eskuetan; hau da ni, ni, niaren etapa amaiezin batean uneoro kasketaldietan garrasi egiten duten haurrak bizi guztirako beraien gurasoekin batera giltzapetu behar lituzkete, garrasi ere egiten duten gurasoak, eta murmurikatzen dutenak, eta modu selektiboan konspiratzen dutenak, ni, ni, niaren etapa agorrezinean; hau da plastilina puska batek nahikoa izan behar luke bakoitzarentzat, eta maitasun gutunen bat edo beste; hau karrakelak eta kristal hautsiak da; hau da ez zaitez itsuki tematu Herioren dantzara gorputz mardul guztiz osasuntsuarekin iristearekin; azaletik eta bistakotik haratago bizi zaitez!, bizi zaitez!, bizi zaitez! da hau, dogmetatik eta dogma baino ez diren antidogmetatik haratago; zortea gaizki banatuta dago da hau, eta «zorte» hitza gehiegi baliatzen dutenak beraien desgraziak —maiz berekoiak diren okerreko erabakien emaitza zuzenak— gehien eragiten dituztenak dira ere bada hau; tunel luzera eramaten zaituzte bidezidorrek; hau da egiteak eta ondorioak, eta ardurek ez dute modu ez-kaltegarrian flotatzen kontzeptu abstraktuen unibertsoan; hau zure orduak da, zure minutuak, zure aukerak eta hautaketak, zure labanak, zure fruituak, zure loreak, zure lokatza, zure putzuak, zure beldurrak, zure kantak, zure isiltasunak, zure maitasuna eta zure gorrotoa, zure giltzak, zure ateak, zure leihoak, zure bertigoak, zure eskailerak, zure kateak, zure belaunak, zure eskuak, zure ezpainak, zure begiak, zure misterioak, zure presentzia eta ikusezintasuna, zure pala eta arrastelua, zure jendea eta hauen izateko arrazoia, zure borroka eta zure ametsa da hau guzti hau: behin eta berriro ikusiko dituzun pelikuletako posterrak.
Oinatzak basan jarraitzen du.
Ilargiaren argipean margotzen dihardut.